HONDARRIBIA BOSTGARREN IZAN DA 2024KO KONTXAKO BANDERAN
Urdaibai izan zen gizonetan garailea eta Donostia Arraun Lagunak emakumeetan
Ama Guadalupekoa bikain aritu zen atzo Kontxako bigarren jardunaldian. Lehen txandan hortzak estutu zituen hasieratik, eta sailkapen nagusian Orio harrapatzeko bi zentesima besterik ez zitzaien falta izan. Eusko Label Ligan ere, oriotarrak aurreratzeko helburua dute Portugalete eta Bilboko azken estropadetan.
Lehen igandean ohorezko txandatik kanpo gelditzea kolpe handia izan zen Hondarribiko zale eta arraunlarientzat. Baina bigarren igandean goraipatzeko ahalegina egin zuten arraunlariek, eta zulo handia zabaldu zuten Mikel Orbañanosen mutilek hasierako paladak eman zituztenetik. Getariak tinko eutsi zion, baina 19 minutu eta 18 segunduko denbora markatu zuen Hondarribiak atzo, lehen igandean hirugarren sailkatzeko moduko kronoa. Sailkapen nagusian, aldiz, bosgarren amaitu dute hondarribikoek, baina laugarrena izan den Oriorengandik bi zentesimara amaitu dute.
Mikel Orbañanos entrenatzailea harro dago egindako lanarekin. Pozik azaldu zen Donostiako kaian estropada behin amaitutakoan: «Iruditzen zait bi igandetan lan txukuna egin dugula, eta denboraldia nola joan den ikusita, pozik egoteko moduko Kontxa egin dugula, eta Hondarbiko herria harro egoteko modua baduela». Ezin ahaztu daiteke Hondarribiko ama birjinaren egunarekin, Alarde egunarekin bat egin duela aurtengo Kontxaren bigarren igandeak. Eta herria bete-betean jaietan murgilduta egon den honetan, eskifaiaren gehiengoa bertakoa izanik Kontxak asko suposatzen duela. «Esfortzu handia egiten dute arraunlariek beti, eta aurten herriko egun handian izanda gehiago, eta haien borondatea eskertzekoa da», nabarmendu du entrenatzaileak.
Aurten Gipuzkoako txapeldun izendatzeaz gain, bandera bakarra irabazi du Ama Guadalupekoak udan. Azken hamarkadan helburu handiagoetara ohitua dagoen arraun elkartea izanik, «orokorrean Ligan bageneuzkan gauzak zertxobait hobetzeko» aitortzen du Orbañanosek. Baina denboraldia «gazi-gozoa» izan bada ere, mutilek egindako ahaleginarekin pozik dago.
Denboraldia ez da oraindik amaitu. Eta EuskoLabel Ligak Kontxarako egindako atsedenaren ondotik, Portugalete eta Bilboko estropadak besterik ez dira geratzen hurrengo asteburuan. 154 punturekin bosgarren sailkatua dago Hondarribia, eta Orio bi puntura besterik ez dago. Hortaz, denboraldia borobiltzeko helburua argia da, ohorezko txanda horretan amaitu ahal izatea.
Kontxako Banderaren sailkapen nagusia:
1- Urdaibai. 38.10.08
2- Zierbena. 38.36.78
3-Donostiarra. 38.46.70
4-Orio. 38.51.64
5-Hondarribia. 38.51.66
6-Getaria. 39.17.72
7-Kaiku. 39.44.90
8-Cabo da Cruz. 39.51.22
Donostia Arraun Lagunak ere garaile
Sorpresarik ez zen egon emakumeen artean ere. Donostia Arraun Lagunak izan zen 2024ko Kontxako Banderan nagusitu zena, lehen jardunaldian bezala, 21:04,42ko denborarekin guztira. Bere gibeletik, Donostiarra (21.25,08) eta Orio (21.25,72) sailkatu ziren. Ondotik, hurrenez hurren, Tolosaldea (21.26,60), Astillero (21.45,10), Chapela (21.56,08), Kaiku (22.02,00) eta Hibaika (22.17,14).
Mikel Orbañanos eta Battitt Ondikola, Hondarribiako entrenatzailea eta arraunlaria: