HONDARRIBIA BOSTGARREN ETA HIRUGARREN KONTXAKO BANDERAN
Hondarribiako bi traineruek ezin izan zituzten Orio eta Urdaibai garaitu, baina estropada onak eskaini zituzten
Kontxako Banderako bigarren jardunaldia jokatuta, nesketan Orio eta mutiletan Urdaibai izan ziren garaileak. Bi traineruek txapelketako bi jardunaldiak irabazita, azken garaipena ere eskuratu zuten estropada bikainak osatu ondoren. Hondarribia Arraun Elkarteko taldeak ere ongi lehiatu ziren eta azkenean, neskak bostgarren postuan sailkatu ziren eta mutilak berriz, hirugarren postuan.
Neskak izan ziren lehian lehendabizi. Hondarribiak Ohorezko Txandan parte hartu zuen eta bertan, laugarren postua eskuratu zuen, Orio irabazletik 21 segundura helmugaratuta. Sailkapen orokorrean, bi jardunaldiko denborak batuta, Orio izan zen garaile nagusia (21:14), bigarren Arraun Lagunak izan zen (21:16) eta hirugarren, Donostiarra (21:37). Hondarribia bostgarren postuan sailkatu zen azkenik, 21:48ko denborarekin.
Mutilak eguerdiko 12:00etatik aitzinera lehiatu ziren. Hemen ere Hondarribiak Ohorezko Txandan parte hartu zuen eta bertan, hirugarren postuan helmugaratu zen. Urdaibaiek irabazi zuen txanda, eta nagusitasunez egin zuen gainera, bigarren postuan sailkatu zen Donostiarra trainerua baino 8 segundu lehenagotik helmugaratuta. Hondarribia izan zen hirugarren txanda honetan, 22 segundu geroago eta Getaria laugarren, 35 segundu beranduago. Beraz, sailkapen orokorrean, Urdaibai izan zen Kontxako Banderako irabazlea (38:47), bigarren Donostiarra (39:13) eta Hondarribia hirugarren (39:27).