HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEKO MUTILEK ETXEKO BANDERA BEREGANATU ZUTEN

2023/02/28
HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEKO MUTILEK ETXEKO BANDERA BEREGANATU ZUTEN

Emakumeak laugarren postuan sailkatu ziren Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunaken atzetik

Hondarribiako XXIII. Traineru Jeitsiera ospatu zen pasa den larunbatean Hondarribiako uretan. Etxeko gizonezkoen lehen traineruak bertako bandera irabazi zuen, Donostiarra “A” eta Orio “A” ontzien aitzinetik. Bigarren trainerua berriz, hamalaugarren sailkatu zen. Azkenik, emakumeen traineruak laugarren postuan bukatu zuen jeitsiera, Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak taldeen atzetik.

40 ontzik parte hartu zuten XXIII. Hondarribiako Traineru Jeitsieran, nahiz eta, hasiera batean, 42k emana zuten izena. Otsailaren bigarren asteburuan, Sestaon, aurredenboraldiko lehen bandera eskuratu ostean, Hondarribiako lehen trainerua nagusitu zen berriz ere etxeko uretan. 19:56,30ko denborarekin, Donostiarra “A” (20:07,27) eta Orio “A” (20:15,55) aitzindu zituzten hondarribitarrek eta ikurriña eskuratu zuten beraz. Hondarribia “B” berriz, hamalaugarren postuan sailkatu zen (21:15,90).

Emakumeetan berriz, etxeko traineruak laugarren postuan bukatu zuen jeitsiera, 15:19,04ko denbora osatu eta gero. Jardunaldia Donostiarrak irabazi zuen (14:39,00), bigarren postuan Orio sailkatu zen (14:59,12) eta hirugarrenean berriz, Arraun Lagunak (15:00,30).

Honen ondotik, datorren martxoaren 11an Orion, Oriaren XXIX. Traineru Jeitsiera ospatuko da, 17:00etatik aitzinera.