HOGEI DOMINA POLTSIKORATU DITUZTE BATEKO ATLETEK GIPUZKOAKO TXAPELKETAN
Gipuzkoako Absolutu Txapelketa ospatu zen Donostian ekainaren 8an eta 9an eta Bidasoa Atletiko Taldekoek urrezko bortz domina irabazi zituzten
Gipuzkoako Absolutu Txapelketa ospatu zen pasa den asteburuan, ekainaren 8an eta 9an, Donostiako Anoetako Mini Estadioan. Bertan izan ziren Bidasoa Atletiko Taldeko atletak eta lan ezin hobea egin zuten. Guztira, 20 domina eskuratu zituzten, tartean, urrezko bortz, zillarezko bertze bortz eta brontzezko hamabi.
Emakumeetan, Alazne Garrido izan zen protagonista nagusia, urrezko bi domina lortuta. 400 metroko lasterketan garaile izan zen, 56,78 segunduko denborarekin, baita 400 metroko hesi-lasterketan ere, 1:01,17 minutuko denborarekin. Garridoz gain, Izaskun Sanzek ere urrezko domina eskuratu zuen 800 metroko lasterketan (2:20,85 minutu), baita Naia Llorentek ere altuera-jauzian 1,64 metro eginda.
Alaine Aguerraldek berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen 400 metroko hesi-lasterketan (1:02,98 minutu) eta Eunate Martinezek ere bigarren postua eskuratu zuen altuera-jauzian (1,55m). Brontzezko dominei dagokionez, Eider Alzagak lortu zuen horietako bat 100 metroko hasi-lasterketan (16,01 segundu), baita emakumeen errelebo taldeak ere. 4x100 metroko erreleboetan, Mariela Berazak, Alaine Aguerraldek, Leire Martiarenak eta Nerea Sorondok hirugarren postua eskuratu zuten, 49,62 segunduko denborarekin. Berazak gainera, brontzezko domina ere eskuratu zuen indibidualki, 400 metroko hesi lasterketan (1:07,17 minutu).
Azkenik, emakumeei dagokionez, Elena Martinek klubeko errekorra hautsi zuen 1500 metroko lasterketan, 4:17,40 minutuko denborarekin. Honekin guztiarekin, BATeko klubeko emakumeek sailkapeneko bigarren postuan kokatu ziren Gipuzkoako Txapelketan.
Gizonezkoen taldeak hamaika domina
BATeko gizonezkoek ere lan bikaina egin zuten Donostian. Tartean, Ander Angladak lortu zuen urrezko domina poltsikoratzea, 800 metroko lasterketa, 1:54,13 minutuko denborarekin.
Zillarezko dominei dagokionez, Joaquin Alonsok lortu zuen horietako bat 400 metroko lasterketan (48,78 segundu), marka pertsonalik onena ere lortuta eta 20 urtez azpiko minimo estatala ere eginda. Horrez gain, Ander Aramendik ere bigarren postua eskuratu zuen 5000 metroko lasterketan (14:52 minutu), baita Aritz Zuazok ere altuera-jauzian (1,85m).
Azkenik, brontzezko zazpi domina poltsikoratu zituzten gizonezkoek: Beñat Miquelarenak (100 metroko lasterketan, 10,99 segundu), Ioritz Labandibar (400 metroko lasterketan, 50,15 segundu), Joseba Larzabal (5000 metroko lasterketan, 14:53 minutu), Iker Anaut (pertiga jauzia, 3,50m), Luken Aizpurua (luzera jauzian, 7,05m), Iker Anglada (800 metroko lasterketa, 1:55,77 minutu) eta Rafael Caseau (jauzi hirukoitzean, 12,40m).
Gainera, atleta batzuek marka pertsonalak eta minimo estatalak ere eskuratu zituzten emaitza hauekin. Miquelarenak 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartzeko minimoa lortu zuen, baita Anautek ere 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartzeakoa ere. Azkenik, Aizpuruak bere marka pertsonalik onena lortu zuen, baita 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan egoteko minimoa ere.