HIRUGARREN LAGUNARTEKOA ERE IRABAZI DU HENDAIA BASKET BALLEK

2020/09/21
HIRUGARREN LAGUNARTEKOA ERE IRABAZI DU HENDAIA BASKET BALLEK
Hendaia Basket Ball 82
68 Baiona

Larunbatean Baionaren aurka aritu ziren Indaratzen eta neurketa oso estua joan bazen ere, azken bi minutuetan 82-68 irabaztea lortu zuen Hendaia Basket Ballek.

Hendaia Basket Ball taldea sasoiko iritsiko da Regionale 3 mailako denboraldi berrira. Hiru lagun arteko jokatu dituzte denboraldi-aurrean, eta hiruretan arerioak menderatu dituzte: Sames, Zarautz ZAST eta larunbat honetan, Baiona.

Norgehiagokoa oso gogor hasi zuen Baionak, zelai osoko zona batekin eta defentsan zona oso fisiko bat proposatuz. Hendaiarrak lo xamar sartu ziren neurketan, lehen laurdenean arazo handiak izan zituzten defentsako presioa gainditzeko eta saskiraketak erraztu zizkioten Baionari. Lehen laurdena zaila izan zen Hendaiarrentzat eta 15-25koarekin baionarrek agindu zuten markagailuan.

Bigarren laurdenean, zailtasunak izaten jarraitu zuen Hendaia Basket Ballek. Presioa geinditu eta gero, ez zuten lortzen joko polit eta eranginkorra burutzen beraien zonakako defentsaren aurka, eta beste behin, entrenatzaileak eskua sartu behar izan zuen erasoa eta defentsa zuzentzeko. Hendaiarrek 12-0eko partzial baten ostean markagailuan aurrean jarri ziren lehen aldiz, baina ezin izan zuten osotasunean nahi zuten erritmoa ezarri eta Baionarrek euren aukerak baliatu zituzten atsedenaldira 32-38 aurretik iristeko.

Hirugarren laurdenean gure defentsa aldatzea erabaki zuen Ansoni Castillo entrenatzaileak. 2-1-2ko zonakako defentsa ezarri zuen kantxa eta taldearen aurpegia oso bestelakoa izan zen. Defentsako aldaketa honek erasoan joko garbiagoa egiteko aukera eman zien eta pixkanaka neurketa bereganatzen hasi zen Hendaia Basket Ballek. Azken laurdena hasi baino lehenago, hendaiarrak 63-50 aurretik jarri ziren.

Azkeneko laurdenean hendaiarrek zonakako defentsa berdinarekin jarraitu zuten, Baionarren defentsak jada ez zien arazo handirik sortzen eta hirugarren laurdenaren jarraipenarekin segitu dute. Erritmo polita ezarri zuten, bai erasoan eta baita defentsan ere, baina, Baiona beti lehiakor mantendu zen. Hala ere, azkeneko 2 minutuetan Baionarren fisikoak behera egin zuen eta Hendaiarrek baliatu zuten azkeneko 82-68koa ezartzeko.