Hirugarren garaipena kateatu du Bidasoak

2019/01/01
Hirugarren garaipena kateatu du Bidasoak

BIDASOA-IRUN: Zubiria, Azkue (4), Fuentes (2), Muiña (5), Crowley (3), Zildzic (1), Iriarte (2), Trkulja (2), Vázquez (3), Cavero (2), Mindegia, Alzaga (1), Gimeno, Revin.

ZUMOSOL PALMA DEL RíO: López, Vidal (3), Caro (3), Morales, Jiménez, Domínguez, Moreno, Da Mota (4), Cruz (1), Del Castillo (2), Consuegra, Alonso Moreno (1), Morgado, Gómez.

MARKAGAILUA: 2-2, 4-3, 5-4, 6-6, 10-6, 12-7 (atsedenaldia); 13-8, 15-10, 19-11, 21-12, 23-13, 25-16.

Etenaldiaren aurreko hobekuntzari jarraipena eman dio Bidasoa-Irunek. Garaipen argia lortu du 2015ko lehen neurketan. Lehen itzulian fin ibili den Palma del Riok egin dio Artalekuri bisita. Baina irundarrak nagusi izan dira lehen zatiaren bukaeratik aurrera. Ordura arte, neurketa berdindua izan da. Markagailuan oreka izan da behin eta berriro. 5-6koa lortu du talde andaluziarrak 19.minutuan, baina hori izan da haren azken abantaila. Atsedenaldira bitarte, Bidasoa izan da jaun eta jabe. Lau goleko tartea ireki dute etxekoek bost minutuan (10-6). Taldeek aldagelarako bidea hartu dutenean, bost golekoa zen irundarren abantaila (12-7).

Bigarren zatian, talde serioaren itxura eman du Bidasoak. Intentsitatea mantendu du, eta defentsan sendo aritu da, Asier Zubiria atezainaren laguntzarekin. Lehen ordu laurdenean itxaropenari eutsi dio Palma del Riok. Etxekoek, ordea, ez dute erritmoa jaitsi, eta abantaila handituz jarraitu dute. Caverok hamar goleko errenta eman dio Bidasoari, hamabi minutu falta zirenean. Neurketa erabakita zegoen. Azken txanpa erosoa izan da Fernando Bolearen taldearentzat, eta zaleek ere lasaitasunez gozatu ahal izan dute garaipena. Denboraldiko zazpigarrena da, hirugarrena segidan. Sailkapeneko zortzigarren tokian dago Bidasoa hamabost punturekin. Bat gehiago dauka orain bosgarren dagoen Alcobendasek.

"