Hesi guztiak gainditu ditu Teresa Errandoneak
Atletismoarekin berriro adiskidetzea lortu du Teresa Errandonea Super Amara BATeko atletak (Irun, 1994). Klubeko harribitxi handienak urte eta erdi eman du bere maila onenetik urrun, lesioen ondorioz. Bueltan da, ordea, eta indarrez ekin dio aurtengo sasoiari. Inoizko denboraldi hasiera hoberena egin du, 8.51ko markarekin, 60m hesietako proban. Bigarren lehiaketan 8.42koa lortu du, eta 8.33koa da bere denbora onena.
Ondo entrenatzen ari zen, baina ez zuen ilusio handirik egin nahi. Iaz ere, denboraldiaurrean sentsazio onak izan zituen arren, pista estalian lehiatu gabe gelditu baitzen, oinazpiko lesioa bueltatu zitzaionean. 2015eko udaberrian hasi zitzaizkion minak. Denboraldi hartan ezin izan zuen hesietan goi mailan aritu, baina alternatiba topatu zuen, luzera jauzian. 6,27m-ko jauzia egin zuen, eta promesa mailako Europako Txapelketan parte hartu ahal izan zuen, Tallinen (Estonia). Kontsolamendu gisa balio izan zion.
Edonola ere, joan den urtean ilusioz hasi zen entrenatzen, oinazpiko arazoa gainditua zuela pentsatuta, hesietan maila onean aritu ahal izango zuelakoan. Lehiatzeari ekitera zihoanean, ordea, minez hasi zen berriro. “Bigarren kolpea gogorragoa izan zen”, onartu du Teresa Errandoneak. Sufrimenduak bi adar nagusi izan zituen atletarentzat. Alde batetik, lehiaketen presioa sentitzen zuen: “Pistara bueltatzeko presa nuen. Gainera, lehiakideak ondo ari zirela ikusten nuen, eta amorrua ematen zidan”. Bestetik, medikuek ez zuten bere lesioaren iturburua topatzen. “Infiltratu egiten ninduten, eta mina baretu egiten zitzaidan. Baina azkenean bueltatu egiten zen beti”, azaldu du Errandoneak.
“Horren proba teknikoa izanik, denbora batez entrenatu gabe egon ondoren, ikaragarri nabaritzen da”
Realeko fisioterapeutekin hasi zenean lortu zuen mina gainditzea. Hesiekin entrenatzen hasi ahal izan zuen, baina lehen urratsak ez ziren atseginak izan. Teresa Errandoneak adierazi du “baldar” ikusi zuela bere burua, trakets hesiak igarotzerakoan: “Horren proba teknikoa izanik, denbora batez entrenatu gabe egon ondoren, ikaragarri nabaritzen da”. Fisioterapeutek azaldu zioten pasa beharreko etapa zela. Denborarekin, lortuko zuela lehengo bizitasuna. Horregatik, ez zuen beldurrik izan 2016ko udako sasoian 100m hesietan lehiatzeko. Promesa mailan Espainiako txapeldun izan zen, eta hirugarren senior mailan. “Sentsazioak ez ziren onak izan, eta denborak ere ez”, aitortu du, aitzitik, Errandoneak. Gogoz hartu zuen denboraldiaren amaiera. Atsedenaren ondoren, ilusioa indarberrituta ekin zion entrenatzeari.
Epe luzeko helbururik gabe
Aurten pista estaliko sasoiari eman dion hasiera, itxaropenak berpizteko modukoa da. Hala ere, Teresa Errandoneak baieztatu du atletismoaz “gozatzea” duela helburu, azken aldian ez diola poztasun handirik eman: “Denbora honetan ikasi dudana da egunetik egunera bizi beharra dagoela. Edozein momentutan okertu daiteke dena, eta helburu guztiak zapuztu”. Dena ondo bidean, bere markak hobetzeko gai dela uste du Errandoneak. Lortzen baldin badu, litekeena da senior mailako Espainiako Txapelketetako podiumetan egotea. “Nire kategoria da jada, bukatu zait gazte mailen kontua”, gogoratu du atletak, umoretsu. Otsailaren 18-19an izango da pista estaliko Espainiako Txapelketa absolutua, Salamancan.
“Denbora honetan ikasi dudana da egunetik egunera bizi beharra dagoela”
Aire zabaleko pista, udako sasoia, oso urrun ikusten du oraindik. 100m hesietako proban aritu beharko du orduan, eta aipatu du, momentu honetan, ez duela bere burua distantzia horretan ikusten: “Entrenamendu laburragoak egiten ari naiz orain. Txorakeria dirudi, 40m baino ez direlako, baina diferentzia handia da”. Hotzari, euriari eta haizeari aurre egin behar izaten die garai honetan, gainerako entrenamendu kideek bezala. “Negua gogorra izaten da Plaiaundin”, onartu du Errandoneak.
Aire zabaleko sasoira indarrez iristeko beste motibazio bat ere izango du aurten, nolanahi ere. Super Amara BATeko emakumeen taldea Ohorezko Mailan ariko da, estatuko talde onenekin lehian. Errandoneak ondo ezagutzen du aurkarien maila, baina iragarpen baikorra egin du, dena den: “Lehen bi jardunaldietan sufritzea egokituko zaigu, proba bakoitzeko bi atleta behar direlako”. Hirugarrenean, erabakigarrian, atleta bakarra ariko da proba bakoitzean. “Orduan gure mailak gora egingo du, eta kategoriari eusteko gai izan gaitezkeela uste dut”. Erreferentzia nagusia berreskuratu du, behintzat, Super Amara BATek.