HELENE SAGARZAZU ETA NAROA ZUBIMENDI JUBENILETAKO ESPAINIAKO TXAPELDUN
Santiagotarrakeko bikoteak urrezko domina irabazi dute Sevillan ospatu berri den aulki mugikorreko Espainiako Txapelketan. Santiagotarrakeko eta Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek paper bikaina jokatu dute.
Ohikoa bihurtzen ari da Bidasoa eskualdeko arraunen lorpenen berri ematea. Larunbat honetan Sevillan kadete eta jubenil mailako Espainiako Txapelketa ospatu berri da eta eskualdeko bi taldeak arraunlari andanarekin bertaratu dira, Santiagotarrak eta Hondarribia Arraun Elkartea, hain zuzen.
Biek ala biek domina ugari lortu dituzte, baina goraipatu eta azpimarratzekoa Santiagotarrakeko Helene Sagarzazuk eta Naroa Zubimendik lortutakoa izan da. Bikotekako modalitatean urrezko domina lortu dute eta Espainiako txapeldun bilakatu dira. Naroaren kasuan zehazki, Beogarden Europako Txapelketan laugarren geratu eta gero, denboraldia borobiltzeko emaitza izan da.
Horrez gain, Santiagotarrakek beste domina batzuk lortu ditu; hala nola, emakumezkoen kadete mailako launakako modalitatean zilarra eskuratu dute eta gizonezkoen kadete mailan binakako modalitatean brontzezko domina irabazi dute. Orokorrean, bostgarren postuan bukatu du Santiagotarrak Arraun Elkarteak Espainiako Txapelketa.
Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek ere handia egin dute, gizonezkoen juniorretan, launakako modalitatean Mattin Colasek, Xabier Herradorrek, Aimar Kanpandegik eta Xabier Olaskoagak zilarrezkoa lortu dute. Maila berean, baina zortziko modalitatean hirugarrenak geratu dira eta postu bera gizonezkoen kadete mailan erdietsi dute, launakako modalitatean.