Hazkundearen bila

2016/09/08
Hazkundearen bila

Asobal Ligan egonkortzeko helburuak erakarrita heldu da Jacobo Cuétara Bidasoara

Erronka handia izango du Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak irailaren 10etik aurrera. Desafio gogorra eta zaila. Asobal Ligan, estatuko goi mailan ariko baita, jaitsiera ekiditeko helburu argiarekin. Horretarako, klubak taldea indartu behar izan du, ekainean eta uztailean. Aldatu duen lehenengo pieza, entrenatzailearena izan da. Jacobo Cuétara Larreak bi denboraldirako kontratua sinatu du. 36 urteko asturiarra da, Ribadesellan jaioa. Asobal Ligako Villa de Aranda taldean egin ditu azken hiru denboraldiak.

13873093_1072941896124389_1164435305121589186_n

Erabaki polemikoa hartu zuen C.D.Bidasoak ekainean, Asobal Ligara igo ondorengo ospakizunen artean. Ez zuen Fernando Bolea entrenatzailearen kontratua luzatu, apirilean harekin hitzartutakoa bete gabe. José ángel Sodupe presidenteak berak onartu zuen akatsa. Hala ere, aurrera jarraitzeko beharra aldarrikatu zuen Iñaki Emaldi presidenteordeak: “Hanka-sartzeak izango ditugu, baina denborak sendatzen ditu zauriak. Klubak ezin du geldirik egon. Herria eta historia ditugu atzean, eta gure betebeharra Bidasoak etorkizun onena izan dezan lan egitea da”. Segidan, hurrengo entrenatzailearen berri eman zuen Emaldik.

Jacobo Cuétararen curriculuma azpimarratu zuen, kontuan hartzeko modukoa baita. Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Zientzietan lizentziatua da, eta karrera amaierako saria eman zioten, espediente onenagatik. Maila nazionaleko entrenatzailea da eskubaloian, baina boleibol-ean eta fisiokulturismoan ere bai. Leonen ikasketak burutzen ari zela, Ademarren lanean hasi zen. Oinarriko taldeetako entrenatzaile izan zen hasteko, harrobiaren arduradun ondoren, eta lehen taldeko prestatzaile fisiko eta bigarren entrenatzaile, beranduago. Hiru “maisu handi” izan zituela onartu du: Manolo Cadenas, Isidoro Martinez eta Jordi Ribera.

Entrenatzailearen ezaugarriak eta planteamenduak

Azken hiru denboraldietan, Villa de Aranda taldea zuzendu du Cuétarak, Asobal Ligan. Mailari eusteko sufritzetik, Europako lehiara eraman du Burgosko taldea. Bertako etapa amaitu dela iruditu zaio, ordea: “Aldaketa bat behar nuen. Ilusioa eragingo zidan beste proiektu bat, hazteko aukera emango zidana”. Bidasoaren eskaintza ez baitu izenagatik eta historiagatik soilik hautatu. “Proiektu interesgarria da, potentzial handia eta hobetzeko tartea dituelako”, aipatu du Cuétarak. Etorkizunari begira, hain zuzen, klubak nabarmendu du Cuétarak lotura estua izango duela harrobiko arduradunekin: “Estruktura integrala eduki behar dugu. Lan ildo bat, eta filosofia bat, behetik goraino. Horretarako, denok bat egin behar dugu”. Jokalarien formazioan arreta jarriko duela baieztatu du, baina azpimarratuz ez duela oparirik egingo. “Jauzia emateko jokalariak gogor lan egin eta prest egon beharko du”, aitortu du entrenatzaileak.

“Proiektu interesgarria da, potentzial handia eta hobetzeko tartea dituelako”

Jacobo Cuétara

Cuétararen lehenengo helburua, edonola ere, Bidasoa-Irun Asobal Ligan mantentzea izango da. Ohartarazi du lehenengo urtean lan zaila izango dutela: “Asobal Ligarako jauzia handia da, oraindik ere. Iaz, esaterako, Teucrok lehen itzuli bikaina egin zuen arren, azkenean, maila galdu zuen”. Lehiaketa luzea da, eta talde bakoitza bere lekuan jartzen du azkenean. Cuétarak aurreikusi du mailari eusteko lehia bereziki gogorra izango dela aurten, Valladolid eta Bidasoa igo direla kontuan hartuta. Entrenatzaileak uste du helburua betetzeko oinarria Artalekun egongo dela: “Zaleen ilusioa eta babesa baliatu behar ditugu, lehiakorragoak izateko. Puntu gehien-gehienak Artalekun bildu beharko ditugu, Asobal Ligan etxetik kanpo irabaztea oso zaila baita”.

Talde lana, banakakoaren gainetik

2013-2014 denboraldian ere Asobal Ligan jokatzeko aukera izan zuen Bidasoak, Atlético de Madrid taldearen desagertzearen ondorioz. Baina orduan prestatutako taldeak, ez zuen maila eman. Esperientzia hura kontuan hartuta, beste neurri bateko ahalegina egin behar izan dute aurten. Aurreko denboralditik datorren oinarri sendo bat mantendu du Bidasoak. Alabaina, postu jakin batzuk indartu ditu. “Alde batetik, defentsako jokalari gehiago ditugu. Bestetik, indarra eta altuera gehitu ditugu. Hori, Asobal Ligan, asko nabaritzen da”, azaldu du Cuétarak. Talde batzuek diru asko inbertitzen dute zazpiko nagusian, eta gutxiago jokalari horien ordezkoengan. Cuétarak adierazi du nahiago izan dutela talde orekatua osatu: “Iraupen luzeko esfortzuetarako taldea dugu. Denboraldi osoari aurre egiteko modukoa”.

“Iraupen luzeko esfortzuetarako taldea dugu. Denboraldi osoari aurre egiteko modukoa”

Jacobo Cuétara

Jokalariak hasi dira Jacobo Cuétararen izaera eta lan metodologia ezagutzen. Gogor entrenatu dute denboraldiaurrean. Jende gehienak dio Cuétara langilea, zorrotza eta metodikoa dela. “Niri iruditzen zait ezaugarri horiek gutxienekoak direla edozein entrenatzailerentzat”, aipatu du, irribarrez. Xehetasun gehiago eman ditu, dena den: “Goi mailako kirola profesio gisa ulertzen dut, lanaldi osokoa, eta planifikazio eta azterketa handiak eskatzen dituena”. Jokoari dagokionez, baieztatu du taldearen onura bilatzen duela, jokalarien arrakasta pertsonalaren gainetik. Talde lan fina beharko du Bidasoa-Irunek, 2016-2017 denboraldian Asobal Ligari eusteko helburua betetzeko. Irailaren 10ean hasiko da bidaia, Villa de Arandaren pabiloian, Cuétararen aurreko etxean.