Hawaiar erara emango diote azken agurra Hugues Oyarzabal surflari biriatuarrari larunbatean

2025/02/26
Bidassoa Surf Clubean bere lehen uhainak hartu zituen Hugues Oyarzabal surflari biriatuarraren heriotzak atsekabe olatu handia eragin du Hendaiako surflarien kolektibo zabalean. Martxoaren 1ean, Biriatuko hileta elizkizunen ondotik, Kasino Zaharrean hitzartu dira 15:00etan, surf tauletan paddle-out hawaiar tributu batekin surfaren ikurrari itsasoan azken agurra emateko.
Hawaiar erara emango diote azken agurra Hugues Oyarzabal surflari biriatuarrari larunbatean

1986an sortua, Hugues Oyarzabal surflari belaunaldi askorentzat erreferente eta ikur izan da. Otsailaren 23an haren heriotzaren berri jakin zenetik, nazioarte mailan eta sare sozialetan etengabeak izan dira haren omenezko hitzak. Frantziako Surf Federazioak Oyarzabalen talentua eta ibilbidea goraipatu ditu, «surflari askoren inspirazio iturri» izan dela nabarmenduz.

Izan ere, bodyboardean egin zituen bere hastapenak, eta gero surflari profesional izatera iritsi zen euskal kostaldeetatik urrun. 16 urterekin Australiara joan zen ikastera, eta mundu mailan ospe handia lortu zuen free-surfean ez ezik, bereziki ikusgarritasun handiko bideo grabazioak eginez. Biriatuarra aintzindaria izan zen surfean ari zela, olatuei zamalkatua zebilela, argazki eta bideoak grabatzen. Baita mundu mailan ospe handia lortu duten olatu miresgarriak eta surflari izarrak grabatzen ere. 

Arlo honetan bere talentua agerian geratu zen, Frantziako Surf Federazioak azpimarratu duenez, 2012 urtean GoPro lehen saria jaso zuenean. Namibiako Skeleton Bay hondartzan Kelly Slater surflari mitikoaren grabazioari esker. Hendaia-Urruñako erlaitza pareko Belharra olatu erraldoia ere grabatu zuen 2009an, eta Euskal Herrian Mundaka edo Getariako (Lapurdi) Parlamentia hondartzetan ez ezik, Australian eta Indonesian ere lortu zituen irudi ikusgarriak. "Biriatu Man" ezizenez ezaguna, "Waian" gisa ere ezaguna egin zen nazioarteko surf alorrean. Frantziako Surf Federazioak «mugarik ez duen kirol bizi honen transmisioan Hugues Oyarzabal bezalako surflarien funtsezko lana» azpimarratu du, «ez dugu inoiz ahantzi behar». 

Azken agurra larunbatean

Azken agurra martxoaren 1ean emango diote Bidasoaldean. Lagunek sare sozialetan jakinarazi dutenez, hileta Biriatuko elizan egingo dute larunbatean 9:30ean. Eta ondoren Hendaiako Kasino Zaharraren aitzinean hitzartu dira herriko surflariak 15:00etan paddle out batekin Hugues Oyarzabali azken agurra hawaiar erara emateko. Surf taulan itsasoratuko dira Hondarraitz hondartzaren olatuen urautsietatik harago, eta zirkuluan eta surf-tauletan eserita, eskutik helduta agurtuko dute betirako.