HASTEKO, JIPOIA
Atletico San Sebastianen aurka Donostian Euskadi Senior Ligako irekiera neurketa jokatu eta galdu zuen Txingudi Errugbi Klubak (48-11).
Denboraldi berriko hasiera mardula izan zuen Txingudi Errugbi Klubak. Atletico San Sebastianen aurka lortutako emaitzaz harago, bajak zirela eta, ordezko gutxirekin eta jokalari asko beren ohiko postuetatik kanpo jokatzen hasi du sasoia. 17 jokalarik besterik ez zuten parte hartu neurketan, talde donostiarrak ondo probestu zuen abantaila.
Saiatu bai, gogotik egin zuen lehen zatian Txingudi Rugby Klubak, baina ahaztekoak izan ziren 20 minuturen ondotik, neurketa bereganatzeko esperantza guztiak aldendu ziren. 20 minutuan 31-0 irabazten hasi zen Atletico San Sebastian, neurketa laurdena jokatu zutelarik neurketa erabakita utzi zuten. 5 entsegu eta 2 transformazio gauzatu zituen talde donostiarrak. Nahiz eta jokoan zerbait hobetu, Txingudi Errugbi Kluba ez zen kapaza izan izan zituen abaguneak baliatzeko; bai, ordea, Atletico San Sebastianek, bi entsegu gehiago egin zituzten atsedenaldira 43-0 iristeko.
Bigarren zatian iritsi ziren Txingudi Errugbi Klubaren puntuak. Lehen hiruak zigor kolpe baten bidez iritsi zen, Alejandro Lasak gauzatu zuen (43-3). Atletico San Sebastianen nekea nabariagoa zen bigarren zatian eta Txingudi Errugbi Klubak metroetan aurrera egin zuen. Bigarren zigor kolpe batetik 43-6 hurbildu zen markagailuan eta 69.minutuan Ekaitz Aiakek erdietsi zuen talde bidasotarraren eguneko entsegu bakarra (43-11). Neurketa alde murritzago batekin galtzea merezi bazuen ere, Atletico San Sebastianek norgehiagokaren ondarrean partiduko azken entsegua gauzatu eta 48-11 ezarri zuen markagailuan.