Hasiera gogorra izan du Mariñok

2016/09/13
Hasiera gogorra izan du Mariñok

Martxan da Emakumeen Bigarren Mailako Liga, eta lehen bi jardunaldietan, Mariñok ez du punturik bildu. Igandean etxean aritu den arren, Gasteizko Aurrerak eraman ditu hiru puntuak, Landetxan jokatutako norgehiagokan. Lehen zatian irundarrek izan dituzte aukerarik onenak, baina ez dituzte baliatu. Bigarrenaren hasieran, aldeko penaltia izan du Aurrerak, eta ez du hutsik egin. Abantaila hartuta eroso aritu dira arabarrak, eta 85.minutuan, Mariño gehien estutzen ari zenean, norgehiagoka erabaki du Aurrerak, bigarren golarekin. Lehen jardunaldian, 1-0 galdu zuen Mariñok Eibarren.