Hasiera ezberdinak izan dituzte Hondarribiak eta Real Union Bk

2015/09/17
Hasiera ezberdinak izan dituzte Hondarribiak eta Real Union Bk

Joan den asteburuan hasi zen Ohorezko Erregionaleko liga. Etxean aritu ziren Behe Bidasoko bi ordezkariak, baina kontrako emaitzak lortu zituzten. Hondarribia Futbol Elkarteak 2-1 menderatu zuen larunbatean Lasarte-Oriako Ostadar, Hondartzan. Festetako ajearen aztarnarik gabe, neurketa txukuna osatu zuten Mikel Llorenteren mutilek. Lehen hiru puntuek konfiantza emango diote talde berdeari. Azken denboraldietan ozta-ozta eutsi izan dio mailari. Aurten, horren estu ez ibiltzea izango da helburua. Ordizian ariko da larunbatean Hondarribia, 16:30etan Altamiran.

Real Union Bk porrotarekin hasi zuen liga. 1-2 galdu zuen larunbatean Stadium Galen, Zarautz K.E.ren aurka. Bigarren denboraldiari ekin dio Joseba Roteta entrenatzaileak, eta ez du ezkutatu helburua sailkapeneko lehen bost taldeen artean aritzea dela. Rotetak hautatutako bost jokalari heldu dira filialera. Jubenil mailatik lau igo dituzte. Oiartzunen etxean jokatuko du Union Bk larunbatean, 16:30etan Karla Lekuonan.