HAIMAR ETXEBERRIAK HIRUGARREN POSTUA ERREPIKATU ZUEN LAUDION

2022/08/18
HAIMAR ETXEBERRIAK HIRUGARREN POSTUA ERREPIKATU ZUEN LAUDION

Euskal Bailarak Challenge-a osatzen zuen azkeneko lasterketa izan zen Laudio Saria eta irundarrak beste hirugarren postu bat eskuratu zuen bertan

Atzo goizean, abuztuak 17, Laudion ospatu zen Laudio Saria, Euskal Bailarak Challenge-aren azken lasterketa eta Lehendakari Txapelketaren baitan kokatzen zena. Eguraldi txarrak baldintzatu zituen tropelaren mugimenduak, baina azkenean Lizarteko Jorge Gutierrezek erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara. Bigarren bere taldekidea den Dylan Jimenez helmugaratu zen eta hirugarren berriz, Caja Ruraleko Haimar Etxeberria irundarra.

140 kilometro osatu behar izan zituzten atzo Laudio Sarian parte hartu zuten 175 txirrindulariek. Eguraldiak hainbat arazo mekaniko eta erorketak eragin zituen tropelean eta honek laster egiteko modua baldintzatu zuen. Gainera, mendate gogorra igo behar izan zuten, %12ko aldapekin eta jaitsiera arriskutsuarekin. Honekin guztiarekin, tropela txikitzen joan zen eta ez zen eraso nabarmenik egon.

Lasterketa urduri honetan, azkeneko itzulian erabaki zen irabazlea. Azken mendatean, Jorge Gutierrezek (Lizarte) jo zuen erasoa hain zuzen ere, eta 15 segundoko errenta lortu zuen. Azken 500 metroetan gainera, errenta hori bikoiztu zuen nahiz eta oso gogorra izan, %20ko maldak baitzituen mendateak. Hala ere, Gutierrezek helmugara bakarrik iristea lortu zuen, atzetik bere taldekide Dylan Jimenez zuela. Haimar Etxeberria irundarra hirugarren iritsi zen, Aiarako Zirkuituan lortu zuen postu berbera eskuratuz. Gainera, Lehendakari Txapelketako sailkapenean ere aldaketak egon ziren eta beraz, Caja Ruraleko Mulu Kinfe Hailemichael da bertako lider berria.

Hemen duzue txirrindulariak.com webguneak igotako lasterketaren bideo-laburpena: