HAIMAR ETXEBERRIAK ALTXA DITU BESOAK IBARDINGO LEPOAN

2024/04/26
HAIMAR ETXEBERRIAK ALTXA DITU BESOAK IBARDINGO LEPOAN
Bidasoa Itzuliaren lehen liderra bilakatu da, eta mendikoa, erregulartasunarena eta euskaldunaren maillotak ere bereganatu dituBidasoa Itzuliko 50. edizioaren lehen etapa ospatu da gaur, Irun eta Ibardingo lepoaren artean. 130 kilometro osatu ditu tropelak gaurko egunean eta Haimar Etxeberria irundarra (Finisher) izan da helmugan besoak altxa dituena. Erran eta egin. Hori zuen hasierako helburua eta gazteak lortu du horiz janztea etxeko lasterketan. Berak irabazi ditu bertze hiru maillot gehiago ere: erregulartasunarena, mendiko sailkapenarena eta lehen euskaldunarena. Hurrengo helburua igandera arte nagusitasun bera mantentzea izanen da. Eguna Irunen hasi dute Bidasoa Itzuliko 50. edizioa hasi duten 126 txirrindulariek. “Amonarekin gosaldu” du gaur goizean Haimar Etxeberriak, betiko moduan. Sentsazio onak dagoeneko hor zeuden, baita garaipen gosea ere. Irundik Berara joan dira eta Endarlatsan izan da lehen ihesaldi saiakera, Javier Ceballos taldeko txirrindulariaren aldetik. Hala ere, denak elkarrekin ailegatu dira Berako tarteko helmugara. Han, Beñat Garaiarrek (Telco) bildu ditu hiru puntuak. Gibeletik, Wies Verdonk (Basso Team) eta Markus Maeuibo (Essax). Lucas Barbosak (Latorre) bertze saiakera bat egin du, baina horren ondotik etorri da eguneko ihesaldirik luzeena. Alvaro Lopezek (Extremadura) hamar segunduko tartea hartu du tropelarekin Oronoz-Mugairi aldean eta txirrindulari honi Yugi Tsuda (Nippo) gehitu zaio segidan. Biak elkarrekin zeharkatu dute Baztan, 46km/h, gehienez ere 44 segundu hartuta pelotoiarekiko. Orden horretan pasatu dira Elizondoko tarteko helmugatik ere, Lopez lehenbizi, Tsuda bigarren eta Garaiar hirugarren (Berako hiru puntuak gehituta, lau zituen eta tarteko helmugetako lider birtuala zen). Edonola ere, Elizondo pasatuta, tropelak iheslariak irentsi ditu eta Amaiur bidean ekaitza hasi du. Txirrindulariek ez dute arriskurik hartu Amaiurretik Elizondorako bidean zeharkatu dituzten bidezidorretan. Erorikoak tarteko, bi zatitan banatu da tropela eta aitzinean zihoazten 50 bat lasterkarik minutu bateko tartea hartu dute bigarren taldearekin Baztandik Bortzirietara eramaten duten errepideetan. Lehen taldean ihes egiteko saiakera batzuk egon dira eta azkenean, lauko taldetxo batek hartu du aitzina lasterketa Lesakan sartu denean. Tarteko helmugaren bila joan dira eta orden honetan pasatu dira: Verdonk (hor kendu dio Garaiarri tarteko helmugetako maillota, puntu bateko aldea hartuta), Aimar Erostarbe (Caja Rural) eta Jo Hashikawa (Nippo). Igantzirako bidea hartu du Itzuliak eta Piedadeko gaina (3. maila) zuten esperoan txirrindulariek. Momentu horretan egin du lehen agerikoa Haimar Etxeberriak (Finisher), mendateko puntuak hartzeko eta mendiko maillota ere bereganatzeko. Bi aldiz igan dute Piedad gaurko egunean eta bigarrenean jo du erasoa Caja Ruraleko Jan Castellonek. Igantzitik behiti abantaila hartu du eta bakarrik joan da, Beraraino, 46 segunduko gehienezko tartea hartuta. Berako sarreran aldiz, bere saiakera bertan behera gelditu da. Bera pasatuta, soilik Ibardinera igatea gelditzen zen lehen etapa bukatzeko. Lehen taldea elkarrekin joan da igoera guztian zehar, Caja Rural tropelburu zela. Edonola ere, Finisher taldeak ez zuen alde batera utziko gaurko garaipena eta lanean hasi da, Etxeberriari laguntzeko. Behin Ibardinera sartuta, irundarra izan da erasoa jo duena eta berekin batera, Louis Sutton (AVC Aix-en-Provence) eta Samuel Novak (Polti Kometa) joan dira. Horrela gelditu da garaipena azkenik. Etxeberriak irteeran errandakoa egin du eta besoak altxa ditu txirrindularitzan historikoa den helmugan, “ametsa beteta”. Gibeletik, Bidasoa Itzulian irabaztea ongi dakien Sutton helmugaratu da, baita Novak ere, Dario Giuliano bere taldekidearekin. Bostgarren postuan, Lucas Towers (Caja Rural). Horrela, Bidasoa Itzuliko 50. edizioaren lehen liderra bilakatu da Etxeberria, eta bihar horiz jantzita ikusiko dugu Hendaiatik Hondarribiara doan etapan. Lehen garaipen hau berekin gosaldu duen amona Mari Carmeni eskaini dio, eta Ibardinen bertan izan ditu lagun eta senitarteko guztiak. Maillot horiaz gain, mendikoa ere lortu du, baita erregulartasunarena eta lehen euskaldunarena ere. Tarteko helmugetako lider Verdonk da eta 20 urtez azpiko sailkapenaren buru, Novak. Bigarren etapako menuan Zigako mendatea eta JaizkibelBihar, apirilaren 27an, bigarren etapa izanen da jokoan. Hendaian hasi eta Berako bidea hartuko du tropelak Baztanera ailegatzeko. Baztanin Zigako mendatea igango dute, hirugarren mailakoa, eta berriz ere leku beretik Nafarroatik Gipuzkoara pasatuko dira. Irundik Lezora pasatu eta Jaizkibel (1. maila) gainditu beharko dute azken kilometroetan, jeitsieran Hondarribiako Kale Nagusia pasatuta, Arma Plazan bukatzeko, 133 kilometroren ondoren. Haimar Etxeberriak “egunez egun” ikusiko du zer gertatzen eta nora eramanen dion maillot horia janzteak. Tropelak ez du begi bistatik galduko eta bera ongi kokatua egon beharko da azken etapa erabakigarrian garaipenerako aukerak edukitzeko. Ikusiko da ea bertzeren batek amonarekin gosaltzeko aukerak dituen.