Gutxieneko etekina atera dio Real Unionek Gernikaren aurkako lehiari

2017/02/12
Gutxieneko etekina atera dio Real Unionek Gernikaren aurkako lehiari

REAL UNION: Otaño, Azkoiti (Hernaez, 52'), Ekhi, Esnaola, Aimar (Escoruela, 60'), Rodellar, Martins, Estrada, Ozkoidi, Thaylor (Juan, 72'), Galán.

GERNIKA: Altamira, Kevin, Ander Larruzea, Berasaluze, Carracedo, Torrealdai, Muñoz (Cid, 89'), Gorka Larruzea, Etxabe (Etxaniz, 41'), Abaroa, Enciondo (Madrazo, 77').

GOLAK: 1-0: Galán (12'). 1-1: Larruzea (15'). 1-2: Larruzea (19'). 2-2: Galán (62').

EPAILEA: Lixandru Adrian. Txartel horiak: Ekhi,(Real Union); Larruzea, Carracedo, Enciondo (Gernika).

Zapore gazi-gozoa utzi du Real Unionen berdinketak, azken minutuetan izan duen gol aukera sorta oparoarengatik. Gainerakoan, gorabehera handiko norgehiagoka izan da. Ondo hasi da txuribeltzentzat, 12.minutuan Galanek gol ederra sartu baitu. Zazpi minuturen buruan, ordea, Gernikak markagailua iraultzea lortu du, Gorka Larruzearen bi goli esker. Bi jokaldietan, ahul ibili dira Real Unioneko atzelariak eta Otaño atezaina. Estualdi gehiago ere izan ditu etxeko taldeak atsedenaldiaren aurretik.

Bigarren zatian hobeto hasi da Union, eta lehen abaguneak izan ditu Thaylorrek. 62.minutuan, penaltia egin diote Galani, eta aurrelari nafarrak sarera bidali du baloia jaurtiketan. Denbora izan dute txuribeltzek garaipena eskuratzeko. Eta aukerarik ere, ez zaie falta izan. Onenak, azken bost minutuetan izan dituzte, Galanek eta Martinsek. Ez dute asmatu, eta puntu bana bildu dute, beraz, Real Unionek eta Gernikak. Hilabete osoa irabazi gabe eman badu ere, bi puntura ditu Unionek play-off postuak.