Gurutze Gorriak eta CD Bidasoak bat egin dute gabonetarako jostailu bilketa egiteko
Gurutze Gorriak eta CD Bidasoak bat egin dute “Jostailu hezitzailea” kanpainarekin. Gabonetara begira, hau guztiek oparia izan dezaten, jostailu bilketa egiten du urtero Gurutze Gorriak eta aurten, Bidasoa klubak bat egin du ekimenarekin, eta Artalekun eginen da jostailu bilketa horietako bat heldu den ortziralean, abenduaren 13an, talde horiak Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra partidua duela probestuta.
Bi elkarteek "Jostailu hezitzailea" proiektuaren barruan sartzen den ekimenarekin egin dute bat. Proiektu horrek urte osoan zehar garatzen du bere ekintza, eta honako helburu hauek ditu: 0 eta 18 urte bitarteko haurrek jolasteko duten eskubidea bermatzea, jolasak eta jostailuak hezkuntza-tresna gisa erabiltzea sustatzea, eskolako eta familiako testuinguruan balioak transmititzea eta garapen ebolutiboan duten eragina sustatzea.
Horrela ortzirale honetan, hilaren 13an, 20:45ean Artalekun, CD Bidasoak Recoletas Atlético Valladoliden kontra jokatuko duen partidua ospatuko dela probestuta, klubak Bidasoa eskualdeko haur guztiek gabonetan oparia jaso dezaten lagundu nahi du. Horretarako, jolasak eta jostailuak jasotzeko bi puntu jarriko dira Artalekuko instalazioetan, nahi duten zale guztiek jostailu bat emanez lagundu dezaten. Gainera, partiduaren erdian pelutxe zaparrada egingo da, horregatik ekintza solidario honetan parte hartu nahi duten bidasotar zale guztiek pelutxe berria eraman eta zelaira bota dezaten animatu ditu klubak.
Jose Luis Peña Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidenteak nabarmendu duenez, "Gipuzkoako Gurutze Gorritik oso eskertuta sentitzen gara Bidasoa Kirol Klubaren inplikazioagatik eta babesagatik. Lankidetza horrek gehien behar duten pertsonen alde lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, eta laguntza handia ematen digu Bidasoaldeko familia ahulenekin egiten dugun lanari”.
Angela Rodriguez CD Bidasoako zuzendaritzako kidea ere harro azaldu da ekimen honetan parte hartzeagatik: "Bidasoa Kirol Klubeko gure bazkide eta jarraitzaileekin dugun konpromiso eta erantzukizun sozialaren barruan, harro gaude proiektu honetan parte hartzeaz. Ludo gure maskotaren izenak "ni jolasa" esan nahi du, eta jolasa funtsezkoa da haur guztien garapen pertsonalean eta balioen transmisioan. Horregatik, beharrezkoa da haur guztiek jostailua jasotzea. Hori dela eta, ostiral honetan, hilak 13, CD Bidasoa eta Recoletas Atletico Valladoliden arteko partidaren aurretik, jostailuak biltzeko aukera izango da Artalekuko instalazioetan. Gainera, deialdi bikoitza egin nahi dugu, atsedenaldian pelutxe zaparrada egingo baita”.
Nahia Palaciok, Gipuzkoako Gazteen Gurutze Gorriko zuzendariak, argibide batzuk ere eman zituen eman beharreko jostailuen harira: “Haurtzaroa da pertsonen garapen integralerako etaparik garrantzitsuena; horregatik, Gazteen Gurutze Gorriaren "Jostailu hezitzailea" proiektua jostailuen banaketatik harago doa, familiei balio eta joko osasungarrietan hezteko tresnak ematea bilatzen baitugu. Gazteen Gurutze Gorrian uste dugu jolasa dela edozein proposamen hezigarri eta pedagogiko zabaltzeko bidea, eta, horregatik, ahalegin handia egiten dugu ikasturte osoan haur bakar bat ere ez dadin geratu jolasik edo jostailurik jaso gabe”. Horregatik beragatik, jostailuak ez-belikoak, ez-sexistak eta hezitzaileak izatea bilatzen da; errespetu- eta lankidetza- jarrerak bultzatu, eta gizarte-balioak transmititzen dituzten elementuak baitira. Horrez gain, sentsibilitate iraunkorrekoak, eta ingurumenean inpaktu txikiagoa duten materialekin egindakoak dohaintzea bultzatu nahi dute, Palaciosek gaineratu duenez.
Azkenik, CD Bidasoako lehen taldeko jokalari diren Marko Jevticek eta Eneko Furundarenak zaleak animatu dituzte jostailu bilketan eta pelutxe zaparradan parte hartzera. Furundaren hitzetan, “ume eta familia askok jostailu horiek edukitzea eskertuko dute eta behar bezala baloratuko dituzte”.