GURUTZ AGINAGALDE: “ERRONKEN MOMENTUAN GAUDE ETA ETORKIZUN ILUSIONAGARRIA DUGU AITZINETIK”
2023/09/08
Eskubaloia kirol profesionala izendatua izan den honetan, eginkizun batzuk eskatzen badizkio ere, Bidasoari bide berriak irekiko zaizkio honekinBidasoak ASOBAL Ligako denboraldi berri bat hasiko du larunbat honetan, irailaren 9an. Barça handia jasoko du talde irundarrak, Artalekun, lehen jardunaldia jokatzeko. Partidu ikusgarria izanen da eta etorkizunean kluba eratuko duten abonatuen atxikidura ere izan daiteke. Hau guztiagatik, taldea gogotsu dago denboraldia hasteko eta zaleei ikuskizun polita eskaintzeko. Eskubaloia kirol profesionala izanen da aurten lehen aldiz, horrela izendatu baitzuen Kirol Kontseilu Gorenak pasa den maiatzean. Gurutz Aginagalde Bidasoako presidenteak adierazi duenez, “honek inbertsioak egitea eskatuko du, baina aurrerapauso bat izanen da eskubaloiarentzat”. Izan ere, jende erakartzeko helburuarekin eginen da, eta kirola produktu moduan saltzeko asmoarekin. Berritasunak ere ekarriko ditu aldaketa honek. Horietako bat Bidasoa Kirol Elkarte Anonimo izendapenetik ateratzea izanen da, hemendik aitzinera kluben erabakia izanen baita horrela izendatzea edo ez. “Kluba bazkideena dela erabaki” du zuzendaritza batzordeak. Hau guztia kontuan hartuta, Bidasoak milioi eta erdiko aurrekontua izanen du aurtengo denboraldirako, horrela onartu baitzuten aho batez pasa den ortziralean (irailaren 1ean) ospatutako Batzar Orokorrean. Pandemiako urte gogorrak pasatuta, “kluba hazten joan da urtero eta, profesionalak izanda, oinarriak ezarrita daude gehiago hazteko”, erran du Aginagaldek. Diru honen zati bat harrobiarekin lan egiten segitzeko izanen da. “Gure lurraldean jokalari on asko ditugu. Orain arte kanpora joaten ziren, baina lanean hasi ginen talentu horrekin, inbertsioa egin genuen, eta orain fruituak ditugu”, azpimarratu du presidenteak. Gaineratu du hemengo jokalari gehiago edukitzeaz gain, “klub gehiagok ere hemen prestatu nahi dituzte euren jokalariak”. Egindako lan guzti hau pasa den denboraldiko une erabakigarrienetan ikusi ahal izan zen, “jokalari gazteek une garrantzitsuetan ardura bere gain hartu zutenean”.Azkenik, pabilioi berria aipagaietara ekartzeko ere aprobetxatu du Aginagaldek. “Beharrezkoa” dela onartu du presidenteak, “txiki geratzen zaigu eta eskakizun batzuk ditugu, Artalekuk ezin dituenak bete eta ez dituenak beteko”. Klubeko ordezkariak kontziente dira prozesua martxan dagoela eta bere denbora beharko duela, baina laguntzeko prest direla ere argi utzi nahi izan du: “Badakigu zaila dela guretzat bakarrik pabilioi bat sortzea eta denek disfrutatzeko zerbait eraiki behar dela. Epeak hor daude, baita baimenak ere, eta denbora behar da. Guk ere exijentziak eta epeak ditugu eta ezinbertzekoa da guretzat hau aurrera eramatea. Intentzioa hor dagoela badakigu eta guk egin beharreko lana egiten lagunduko dugu”. Bukatu baino lehen, Gurutz Aginagaldek etorkizunari “ilusioz eta gogotsu” begiratzen diola onartu du eta horri guztiari aurre egin aitzinetik, Ramon Aranburu ekarri du oroimenera. Izan ere, “hainbertze urtez batzordekide eta kluba laguntzen aritu denak lan hori uztea erabaki du, gazteek erreleboa har dezaten”, eta beraz, Aranburuk urteetan egin duen lan hori eskertu nahi izan du Bidasoako presidenteak.