Gure Txokoak sailkapeneko bigarren postuari eutsi dio Landetxari irabazi ondotik
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek banako berdinketa erdietsi zuten Intxaurdi taldearen kontra, pasa den larunbatean etxean. Puntu bat gehiago batuta, lau dituzte guztira lesakarrek sailkapenean, eta hamalaugarren postuan daude kokatuta. Maila eta klub bereko gizonezkoek aldiz, 0-1 galdu zuten pasa den igandea, etxean ere, Beasain Bren kontra. Javier Escagües entrenatzailea mintzatu da partiduaren inguruan.
Erregional mailako Gure Txokoak berriz, 1-2 garaitu zuen Landetxa partidu garrantzitsu batean. Izan ere, sailkapeneko bigarren posturako lehian zeuden bi taldeak eta garaipen honekin, beratarrek lortu dute postuari eustea, igoera faserako ezin hobea izanen den postua alegia. Ganix Zubieta entrenatzaileak egin du jardunaldiaren balorazioa.
Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 3-2 galdu zuen igandean Oberena taldearen kontra. Atsedenaldiaren ondotik, berriz ere zelairatzea eta lehiaketa martxa hartzea kostatu zitzaien baztandarrei. Oberenak gainera, bere nagusitasuna erakutsi zuen etxean eta ondo jokatu ondotik, merezitako garaipena eskuratu zuen. Hala ere, Baztani ez zion guztiz ihes egin partiduak eta gibeletik hurbil segitu zion aurkariari, estutasuna sortuz. Azkenean, ez zen posible izan berdinketa lortzea, modu nahasian bukatu baitzen neurketa ere, Sergio Oscoz prestatzaileak aipatu bezala.
Preferente mailako Doneztebek berriz, bertze garaipen bat eskuratu zuen igandean ere etxean. Beti Casedano izan zuen aitzinean eta 4-3ko markagailuarekin irabazi zuen, hiru puntuak batuz eta sailkapeneko lidergotza mantenduz. Heldu den igandean, 16:30ean, Idoya bisitatuko dute doneztebarrek Oteizan.