Gure Txokoak eta Doneztebek sendo segitzen dute euren mailetan

2024/11/19
Beti Gazteko emakumeek puntu bat eskuratu zuten azken jardunalditik eta Beti Gazteko gizonezkoek eta Baztanek porrot bana jaso zuten.
Gure Txokoak eta Doneztebek sendo segitzen dute euren mailetan

Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien emaitzei erreparatuta, porrotak, garaipenak eta berdinketa egon direla ikus daiteke. Lidergotzan segitzen dutenak eta sailkapeneko azken postuetatik atera nahi dutenak badaude, baina oraindik ere denboraldia luzea dela denek dakite, edozer gauza gerta daitekeela oraindik alegia. Taldeetako entrenatzaile gehienek ere hori bera azpimarratu dute.

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek banako berdinketa erdietsi zuten Ostadar taldearen kontra. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu bezala, berdinketa justua izan zen. Ostadar talde gogorra zela bazekiten eta garaipena eskuratzea zaila izanen dela. Hala ere, nahiko parekatuak egon ziren bi taldeak eta aukerak ere sortu zituzten, alde batean zein bertzean. Beraz, gol banarekin bukatzea eta puntuak banatzea, puntu positiboa izan zen bi taldeentzat. 

Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, 4-1 galdu zuten Oiartzun taldearen kontra. Neurketa berdintzeko puntuan izan ziren, 1-1ekoarekin, baina Oiartzunek bere indarra erakutsi eta lesakarren akatsak baliatuz, golak sartzeko aukera ongi aprobetxatu zuten eta murriztu eziniko tartea ireki zuten. Penaz bukatu zuten partidua lesakarrek, puntuak batu ezinik gelditu zirelako, baina oraindik ere denboraldia luzea dela eta lanean segituko dutela argi du Javier Escagües entrenatzaileak. 

Erregional mailako Gure Txokoak aldiz, 0-4ko markagailuarekin garaitu zuen Orereta Kafea. Nagusitasunez aritu ziren larunbateko jardunaldian beratarrak eta puntuak ere eskuratu zituzten. Hurrengo asteburuan, sailkapeneko lehen postuagatik borrokatu beharko dute, Behobia liderrarekin kontra. Bi taldeen artean puntu bakarreko aldea dago eta beraz, eskura dute beratarrek ere lidergotza eta hurrengo fasean txapeldunen multzoan egotea. Ganix Zubieta entrenatzaileak egin du partiduaren balorazioa. 

Nafarroako Ligan, Lehen maila autonomikoko Baztanek 1-3 galdu zuen etxean Lourdes taldearen kontra. Hasieratik ikusi zuten baztandarrek zaila izanen zela partidua, baina hala ere, aitzinetik jarri ziren markagailuan. Aurkariak ez zuen amore eman eta neurketa berdintzeaz gain, bertze bi gol ere sartu zituen eta neurketa bereganatu zuen honela. Baztandarrek ezin izan zuten deus ere egin honen kontra eta jasotako golek ere min egin zieten. Lesioek baldintzatuta jokatu zuten azken jardunaldi hau eta honek ere eragina izan zuen emaitzean, Sergio Oskoz prestatzaileak aiptu bezala. 

Preferente mailako Doneztebek azkenik, bertze garaipen bat eskuratu zuen pasa den asteburuan Oteizan, Idoya taldearen kontra. 0-2ko markagailuarekin, galdu gabe segitzen du Doneztebek denboraldi hasiera honetan, eta sailkapeneko lehen postuan ere sendo mantentzen ari dira, Gazte Berriak bigarren sailkatuarekin tartea handituz. Orain, hiru puntuko aldea dute bi taldeen artean eta beraz, doneztebarren alde erortzen ari da lidergotza.