Gure Txokoak eta Doneztebek garaipen bana eskuratu zuten asteburuan

2025/01/14
Beti Gazteko gizonezkoek berdinketa erdietsi zuten eta klub bereko emakumeek eta Baztanek porrot bana jaso zuten.
Gure Txokoak eta Doneztebek garaipen bana eskuratu zuten asteburuan

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 8-3ko markagailuarekin galdu zuten pasa den larunbatean Antiguoko taldearen kontra. Lesakarrek bazekiten puntuak ateratzea zaila izanen zela. Lehen zatian galtzen hasi ziren berdez jantzitakoak eta atsedenaldira, 7-1eko emaitzarekin joan ziren. Jokoaren nagusitasuna Antiguokok zuen, baina Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, markagailuak ez zuen islatu zelaian gertatutakoa. Bigarren zatian, indarberrituta atera ziren lesakarrak zelaira, eta bi gol sartzea lortu zuten. Ez zen nahikoa izan aurkariaren gol zaparradari buelta emateko, baina pozik gelditu ziren Antiguokori, duen mailarekin, hiru gol sartzeagatik. 

Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, bina berdindu zuten igandean Deustoren kontra. Gabonen atsedenaldiaren ondotik, maila ona erakutsi zuen Beti Gaztek Zubietan. Javier Escagües entrenatzailearen ustez, garaipena merezi zuten lesakarrek, baina azkenean puntuak banatu behar izan zituzten. Aitzinetik jarri ziren bisitariak, baina etxekoek atsedenaldira bidean neurketa berdintzea lortu zuten. Bigarren zatian, kontrara hasi zen lesakarrentzat, 2-1ekoa lortu zuelako Deustok. Bukaeran berriz, etxekoen akats bat aprobetxatuta, binako emaitza lortu zuten behin-betiko. Pozik gelditu zen Escagües egindako lanarekin, baita lortutako puntuarekin ere. 

Erregional mailako Gure Txokoak ezin hobe hasi du urtea, 0-9ko emaitza zabalarekin garaitu baitzuen Allerru B. Gabonetako atsedenaldiaren aitzinetik zuten erritmoari eutsi diote orain ere beratarrek eta sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira, Behobia liderrarekin puntuetan berdinduta. Hurrengo asteburuan, lehen itzuliko azken neurketa izanen dute etxean, Landetxaren kontra, larunbatean arratsaldeko 18:00etan. Aurkaria gibeletik eta hurbiletik dagoen taldea da, hirugarren baitago Gure Txokoatik puntu bakarrera. Dinamika onean dagoen taldea da gainera eta beraz, gogorra eta borrokatua izanen da partidua. Matzadan jokatuko da eta hori beratarren alde izanen da, baina jokoan igoera fasea egonen denez, zaleen babesa beharko dute beratarrek. 

Nafarroako Ligan, Lehen maila autonomikoko Baztanek, 3-2 galdu zuen Alesves taldearen kontra. Geldialdi luzearen ondotik, etxetik kanpo jokatzea egokitu zitzaien baztandarrei eta arerio gogor baten kontra gainera, hirugarren mailatik jeitsi berria den Alesves taldea. Lehen zatian gaizki zelairatu ziren baztandarrak, baina poliki-poliki euren lekua hartzen joan ziren. Atsedenaldira 2-0ekoarekin joan ziren, baina azken minutuetan egindako lan onari eutsi eta partiduan sartzen saiatu ziren bigarren zatian. Hala ere, hirugarren gola lortuta, lana zaildu zitzaion Baztani. Amore eman gabe aitzinera segitu zuten eta bi gol sartzea ere lortu zuten baztandarrek, baina ezin izan zuten markagailua berdindu eta puntuak bertan utzi zituzten. Sergio Oskoz prestatzaileak egin digu asteburuko partiduaren balorazioa. 

Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere garaipen ona lortu zuen pasa den larunbatean etxean. Beriain taldeari 4-0eko markagailuarekin irabaztea lortu zuten doneztebarrek eta lider segitzen dute sailkapenean, Gazte Berriak sailkatuari hiru puntu ateratzen dizkiotela. Denboraldi honetan nagusi dira Doneztebeko jokalariak eta horrela segitu nahi dute aitzinera begira ere, lidergotza sendotzeko eta mailaz igotzeko aukera jokatzeko.