Gure Txokoak eta Baztanek lortu zuten aurkaria garaitzea asteburuan
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 1-2 galdu zuten Elgoibarren kontra. Etxean aritu ziren lesakarrak eta ezin izan zuten punturik eraman, hala ere, lanean segitu behar dutela argi dute eta garaipenak batzen saiatuko direla hurrengo jardunaldietan ere. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak erran bezala, euren jokoa ez da txarra eta dinamika horrekin berarekin segituz gero, emaitza positiboak ailegatuko direla ziur daude. Hain zuzen ere, heldu den asteburuan, etxean ariko da taldea berriz ere, Oiartzun Bren kontra, igandean (abenduaren 22an) 16:30ean.
Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, bana berdindu zuten pasa den igandean Mondragon taldearen kontra. Garaipenak ihes egin zien lesakarrei eta penaz bueltatu ziren etxera. Hala ere, lortutako puntua baliagarria izan daiteke aitzinera begira eta beraz, alde horretatik, jarrera positiboarekin ere bukatu zuten asteburua, Javier Escagües entrenatzaileak onartu beazala. Heldu den asteburuan, etxean ariko da taldea, Hernaniren kontra. Ortziralean izanen dute elkarren kontrako partidua, abenduaren 20an, arratseko 21:00etan.
Erregional mailan, Gure Txokoak 0-3ko markagailuarekin garaitu zuen San Marcial. Atsedenaldiaren ondotik, berriz ere garaipenaren bidean sartu dira beratarrak. Hiru jardunaldi gelditzen zaizkie lehen fasea bukatzeko, eta Gure Txokoa sailkapeneko bigarren postuan dago kokatua, Behobia liderretik 3 puntura. Ongi kokatuak daude beratarrak eta horrela segituz gero, txapeldunekin batera jokatuko dute hurrengo fasea. Heldu den asteburuan etxean ariko dira beratarrak ere, OIartzun Bren kontra, igandean arratsaldeko 19:30ean.
Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 4-3ko markagailuarekin garaitu zuen Lerines taldea. Honen ondotik, sailkapeneko seigarren postuan kokatu dira baztandarrak, 22 punturekin guztira. Orain gabonetako atsedenaldia izanen dute mailakoek eta ongi merezitako deskantsua hartuko dute baztandarrek ere, denboraldiko bigarren zatiari behar bezala aitzin egiteko.
Preferente mailako Doneztebek azkenik, bina berdindu zuen pasa den igandean Amigo taldearen kontra. Puntu bat aterara, hauek ere bi asteburuz geldirik egonen dira, Ligak atsedenaldia hartuko duelako. Gabonen ondotik jarriko dira berriz ere martxan eta bere helburuei tiraka segituko dute. Sailkapeneko lider dira doneztebarrak, eta hiru puntura dute arerio zuzena, bigarren postuan dagoen Gazte Berriak taldea.