GUADALUPEKO IGOERA OSPATUKO DA LARUNBAT HONETAN

2024/08/29
GUADALUPEKO IGOERA OSPATUKO DA LARUNBAT HONETAN

Dagoeneko 90 korrikalarik eman dute izena, baina oraindik ere epea ez da itxi

Guadalupeko Igoeraren XLVI. edizioa ospatuko da larunbat honetan, abuztuaren 31n. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatua, Hondarribiako Udalaren eta Carrocerias Euskaldunaren lagunatzarekin, 10:30ean emanen zaio hasiera lasterketari Jostaldi pilotalekuan. Dagoeneko 90 korrikalarik eman dute izena, baina oraindik ere abuztuaren 30era arte online eta egunean bertan ere dortsala eskura daiteke.

Hondarribiako besten atarian ospatuko da, urteroko moduan, Guadalupeko Igoera. 4,72 kilometroko ibilbidea eta 182 metroko malda positiboa duen lasterketa izanen da eta 10:30ean hasiko da Jostaldi frontoitik Guadalupeko santutegiraino. Probaren errekorra Juan Mari Garinek ezarri zuen, 1981ean (15:03). Dagoeneko 90 korrikalarik eman dute izena eta Bidasoa Atletiko Taldeak gehiago ere espero ditu. Oraindik ere izena eman daiteke, www.kirolprobak.com webgunean, abuztuaren 30era arte (10€). Edonola ere, egunean bertan izena emateko aukera egonen da irteera baino lehen, 5 euro gehiagoren truke (15€).

Dortsalak berriz, bihartik aitzinera eskura daitezke. Abuztuaren 30ean, ortziralean, Jostaldin bildu daitezke, 18:00etatik 20:00etara. Egun horren ondotik izena ematen dutenek aldiz, probaren egunean bertan biltzeko aukera izanen dute, irteerako eremuan, 9:00etatik 10:15era.

BATek jakinarazi duenez, sariak egonen dira emakumeen eta gizonen kategorietako lehen bost sailkatuentzat. Horrez gain, bertze sari batzuk ere zozketatuko dira partehartzaile guztien artean.