GRAVNI lehiaketan parte hartzea debekatu die Frantziako Pilota Federazioak Iparraldeko elkarteei

2016/03/15
GRAVNI lehiaketan parte hartzea debekatu die Frantziako Pilota Federazioak Iparraldeko elkarteei

EAEko, Nafarroako, Errioxako eta Iparraldeko pilotariak bildu izan dituen lehiaketa da GRAVNI. Aurten, ordea, Iparraldeko klubek ez dute parte hartuko. Otsailaren hasieran, Espainiako Federazioak Iparraldearen parte hartzea debekatzeko eskaera egin zuen. Aurrera egitea erabaki zuen Iparraldeko Ligak, baina lehiari ekin aurreko astean, Frantziako Federazioaren agindua jaso du. Pilotariak babesteko asmoz, lehiaketan ez parte hartzea erabaki dutela azaldu du Mikel Larralde hendaiarrak, GRAVNI lehiaketako Iparraldeko arduradunak.

Espainiako eta Frantziako federazioetatik jasotako presioa handia bada ere, pilotarien eskubideak defendatzeko auzietara joko dutela adierazi du Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak. Federazioek emandako argudioen atzean, interes politikoak eta ekonomikoak badirela baieztatu du.