GRANOLLERSEK IRABAZI ZITUEN PUNTUAK ARTALEKUN
Neurketa parekatua jokatu ondotik, kataluniarrek eskuratu zuten jardunaldiko garaipena 30-32ko markagailuarekin
Bidasoak Granollers jaso zuen atzo Artalekun Plenitude ASOBAL Ligako hamabigarren jardunaldia jokatzeko. Sarrera guztiak salduta, taldeak zaleen babesa somatu zuen, baina ez zen nahikoa izan kataluniarren kontrako partidu parekatua irabazteko. Bi taldeek tentuz jokatu zuten norgehiagoka eta etxekoek puntuak lortzeko ahaleginak egin zituzten, baina azkenean Granollersek, 30-32koarekin, bereganatu zuen eguneko garaipena.
Etxeko taldeak gidatu zuen neurketa lehenengo hamabost minutuetan. Hala ere, ezin izan zuen Granollersetik aldendu eta 20. minutuan lehen abantailak lortu zituen aurkariak (10-12). Hala ere, bi goleko alde hau puntu bakarrera murriztu zuten Jacobo Cuetararen mutilek eta atsedenaldira beraz, 16-17ko markagailuarekin iritsi ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, 19ra berdindu ondotik, aurkariak berriz ere aurretik jarri ziren. Bidasoak hurbiletik jarraitu zituen kataluniarrak eta gol bat eta biko aldearekin neurketa oso parekatua egon zen bukaerara arte. Azken bost minutuetan, Gorka Nietok 26-27koa ezarri zuen eta neurketa irekia egon zen. Hala ere, talde bisitariak errenta eskuratu zuen azken minutuetan eta 30-32ko markagailuarekin bereganatu zuen norgehiagoka.
Jacobo Cuetararen mutilek partida lehiatua jokatu zuten atzo, eta nahiz eta ez irabazi, beraien maila erakutsi zuten, baita euren lehiakortasuna ere. Garaipena hurbil eduki zuen taldeak, baina azkenean ezin izan zuen Artaleku bete batean jardunaldiko bi puntuak bereganatu.
(Argazkia: Arrate Morales)