GRANOLLERSEK GAINDITU ZUEN BIDASOA ARTALEKUN

2023/11/10
GRANOLLERSEK GAINDITU ZUEN BIDASOA ARTALEKUN

Denboraldiko lehen porrota jaso du Jacobo Cuetararen taldeak, Rodrigo Salinas, Matheus da Silva eta Eneko Furundarena falta ziren partiduan

Porrot gogorra jaso zuen atzo iluntzean Bidasoak etxean. Granollersek menderatutako neurketan, 30-33 galdu zuten bidasotarrek kataluniarren aitzinean. Lehen minututik gidatu zuen aurkariak partidua eta etxekoak beti gibeletik joan ziren. Denboraldiko lehen porrota da Jacobo Cuetararen taldearentzat eta horregatik beragatik, mingarria. Hala ere, lanean segitu eta igande honetan bi puntuak poltsikoratzeko aukera berri bat izanen du taldeak Sinfinen kontra Santanderren.

Rodrigo Salinas, Matheus da Silva eta Eneko Furundarena gabe atera ziren kantxara Bidasoako jokalariak. Hiru baja garrantzitsu izan ziren atzoko jardunaldirako, eta horrek eragina izan zuen. Lehen minututik aitzinetik jarri zen Granollers markagailuan eta etxekoek ezin izan zuen hori gainditu. Gibeletik segitu zieten, hurbiletik, eta berdindu ere egin zuten sarritan. Hala ere, ezin izan zuten langa pasatu eta puntuek ihes egin zuten.

Granollers indartsu atera zen kantxara hasieratik eta merezitako garaipena eskuratu zuen Antonio Ramaren taldeak. Bidasoak hamalau hutsegite egin zituen aurkariaren atean eta horrek ere puntuak galtzea ekarri zuen. Atsedenaldira 12-14koarekin joan ziren bi taldeak, eta 60 minutuak bukatuta, gol bat gehiagoko aldea eskuratu zuen Granollersek (30-33). Atzoko neurketaren ondotik, bi taldeak puntuetan berdinduta daude sailkapenean (15), nahiz eta kataluniarren partidu bat gehiago duten jokatua.

Sinfinen kontra igandean

Partiduaren balorazioetan protagonistek aipatu zuten bezala, porrot honek ezin ditu orain arteko lana eta orain arte lortutako emaitzak ilundu. Lanean segituko dute gaur eta bihar, igandean (azaroaren 12an) Santanderren duten hitzordurako. Sinfin bisitatuko dute orduan, 20:00etan, eta bi puntuak lortu nahi dituzte han bidasotarrek.

Jacobo Cuetarak aipatu bezala, “faboritoak bagara ere, neurketak Santanderren zailak izaten direla badakigu”. Sinfinek etxean jokatutako azken hiru partiduetan puntuak batu ditu eta “bere bertsiorik onena azaleratzen ari dira”. Horrez gain, Bidasoak elkarren kontra jokatutako azken partiduaren oroitzapena du: “Orain dugun egoera berdintsuan galdu genuen pasa den urtean han. Furundarena, Azkue eta Rodrigoren bajak genituen orduan”. Igandeko partidua irabazteko gakoa beraz, atzoko egindako esfortzua ahalik eta abudoen berreskuratzea izanen da.

(Argazkia: Arrate Morales)