GORUNTZ BEGIRA SEIGARREN POSTURA IGO DA ERROIBIDE

2019/01/21
66-54 irabazi zuten Askartza Clareti eta talde irundarraren momento onk ez du etenik
GORUNTZ BEGIRA SEIGARREN POSTURA IGO DA ERROIBIDE
C.B. Erroibide 66
54 Askartza Claret

Igoera postuetara hurbiltzeko norgehiagoka garrantzitsua zen igandekoa. Bi taldeak sailkapeneko seigarren postura igo nahi zuten baina bakarrak lor zezaken eta Erroibide izan zen garaile.

Sergio Martinen mutilek lau laurdenak irabazi zituzte, norgehiagoka hasieratik menderatu zuten seinale. Seriotasun handirekin irten ziren kantxara eta behin markagailuan aurretik jarri eta gero, bizkaitarrak ez ziren berriro ere aurretik jarri. Hala ere, lehen zatia oso berdinduta egon zen, atsedenaldira 36-31ko markagailuarekin bukatu zen, edonork irabazteko moduan.

Baina saskibaloiko partidu asko hirugarren laurdenean irabazten direla esan ohi da eta horixe egin zuen Erroibidek. Defentsan eta errebotean oso ongi ibili ziren irundarrak eta erasoan argi aurkitzen zituzten saskiraketak. Horrela, hirugarren laurdena 53-42 bukatu zen.

Ordea bizkaitarrek ez zuten partidua galdutzat eman eta laugarren laurdenean sei puntutara hurbildu ziren. Norgehiagoka estuen zegoen unean, partidua narrastu zen eta Askartzaren antolatzailea kanporatu egin zuten. Ordutik, azken minutuak maisutasunarekin gobernatu zuten irundarrak eta 66-54ko garaipena lortu zuen.

Alor pertsonalean, Erroibideko Amaury Martinez jokalaria partiduko saskiratzaile nagusiena izan zen 33 punturekin, taldearen erdia.

Esan bezala, talde irundarra seigarren postura igotzen da. Hurrengo norgehiagoka Mungian jokatuko dute, sailkapeneko laugarrenaren aurka. Irabaztekotan, igoera faseko postuak garaipen batera izango lituzkete.