GORKA ETXEBERRIAK REAL UNIONGO FUTBOL ZUZENDARI IZATEARI UTZIKO DIO

2022/05/31
GORKA ETXEBERRIAK REAL UNIONGO FUTBOL ZUZENDARI IZATEARI UTZIKO DIO

Real Unionek eta Gorka Etxeberriak futbol zuzendariaren kontratua ez berritzea adostu dute

Gorka Etxeberria Real Uniongo futbol zuzendariak kargua utziko du hurrengo denboraldian. Klub txuribeltzak eta Etxeberriak berak adostu dute kontratua ez berritzea eta bi aldeek ere bide berriei ekitea komenigarria izango dela iritzi diote.

Gorka Etxeberriak 2020ko urtarrilean hartu zuen Real Uniongo futbol zuzendaritzaren kargua. Aurretik, lehen eta bigarren entrenatzaile gisa aritua zen, baita kirol-zuzendari ere. Hainbat liga eta herrialdetan egin izan du lan bera, hala nola, Espainian, Arabiar Emirerrietan, Ingalaterran, Australian eta Portugalen. Espainiari dagokionez, Real Zaragozan, Girona FC-n, Deportivo Alavesen, desagertua den UD Salamancan eta Unionistas de Salamanca CF-n aritua da.

Klub txuribeltzak bere esker ona adierazi nahi izan dio Etxeberriari, “bi urte hauetan egindako lanarengatik”, eta “bere etorkizuneko kirol proiektuetan arrakasta izatea opa dio”.