GORKA ETXEBERRIAK DENBORALDIAREN BALANTZEA EGIN DU

2021/12/21
GORKA ETXEBERRIAK DENBORALDIAREN BALANTZEA EGIN DU

Gorka Etxeberria Real Unioneko futbol zuzendariak esan du, “gure erronka etxean datuak hobetzea izango da eta horretarako, zaleen laguntza behar dugu”

Gaur goizean, Stadium Galeko prentsa aretoan, Gorka Etxeberria Real Unioneko futbol zuzendariak agerraldia egin du orain arteko partiduen balantzea egiteko. Bertan, denboraldi honetako datuak errepasatu eta gero, “urtea oso polita izaten ari dela” aitortu du, “lan oso ona egiten ari gara”.

Datuei begiratuta, Real Union, hamazazpigarren jardunaldia jokatu ondoren, sailkapeneko hirugarren postuan dago kokatuta. Orain arte jokatutako partidu guztietan, 29 puntu lortu ditu guztira, bataz beste 1,7 puntu neurketa bakoitzeko. Bederatzi partidu irabazi ditu, bi berdindu eta beste seietan galdu. Horrela, 25 gol sartu ditu eta 19 sartu dizkiote. Kanpoan eskuratutako puntuei soilik begiratuta, Real Union lehenbiziko postuan kokatuko litzateke, izan ere, 15 gol ditu bere alde hemen eta bost bakarrik bere kontra. Baloiaren edukitzeari dagokionez, irundarrek %51ekoa izan dute, nahiz eta “galtzaile izan garen golan amaitu diren erasoetan, aukeretan, kornerretan eta faltetan”, esan du Etxeberriak.

Jokalarien parte hartzea ere oso parekatua izan da. "Soilik Vivancosek, Bravok eta Sequeirak jokatu dituzte partidu erdiak baino gutxiago”, zuzendariak jakinarazi duenez. Gainera, erasoan ere oso ondo ibili direla gaineratu du: “Praderak eta Llamasek lau gol sartu dituzte. Bravok, Sanchezek eta Temenuzhkovek, hiru. Eta golak sartu dituzten beste batzuk Oyarzun, Beobide, Capelete, Barbudo, Rivero eta Perez dira”. Puntu honetan, Gorka Etxeberriak ez du Seguin ahantzi nahi izan: “Nahiz eta ez duen golik sartu liderra da aukerak sortzen, sarera egindako jaurtiketetan eta golean amaitutako pase eta erdiraketetan”.

Azkenik, neguko merkatuan ez dutela parte hartuko ere azaldu du Etxeberriak: “Hazteko denbora eta egonkortasuna eman nahi diogu taldeari. Gero eta lan hoben egiten ari da eta ez dugu aldaketarik egin nahi”. Horregatik, “ez da inor joango ezta inor berririk etorriko ere, ez bada libre dugun 23 urte azpiko fitxa hori betetzera”.

Hau guztia azaldu eta gero, jokalari guztiak eta Aitor Zulaika entrenatzailea zoriondu nahi izan ditu zuzendariak: “Partiduak jokatzen badakigu, baita lehiatzen eta sufritzen ere, eta eraginkortasuna ateratzen ari gara datu hauei. Horregatik taldea eta entrenatzailea zoriondu nahi ditut. Ez gara besteak baino gehiago, baina lan ona egiten ari gara”.

Orokorrean, “oso polita izan ari da urtea, eta oso pozik nago zelai barruan eta kanpoan dugun giroarekin”, aitortu du Gorka Etxeberriak. Datuak oso onak direla aipatuta, denboraldi honetako hurrengo zatia zailtasunekin hasiko dela ere onartu du: “Bide oso onean gaude, baina oinak lurrean eduki behar ditugu. Etxetik kanpo gure datuak oso onak dira, baina zaila izango da hau mantentzea. Izan ere, desplazamendu oso zailak eta bidai luzeak ditugu aurretik. Gure erronka etxean datuak hobetzea izango da”. Helburu hau lortzeko, zaleen laguntza eskatu du zuzendariak azkenik: “Zaleak Galera hurbiltzea behar dugu, ez partidua ikustera etortzeko, baizik eta taldeari laguntzeko”.