Gol bakarra aski izan du Sestaok Real Union mendean hartzeko
SESTAO RIVER: Raúl Domínguez, Dani Mateos, Cabero, Tarantino, Igor Arnáez, Kurbus (Cristian, 87'), Eneko Rubio, Silas (Leandro, 84'), Abaroa (Jorge Hernández, 63'), Canario, Jito.
REAL UNION: Txusta, Urkizu, Azkoiti, Aimar, Morcillo, Rodellar, Martins, Mujika (Iriarte, 83'), Mikel Alonso (Ozkoidi, 76'), Barrón (Eizmendi, 64'), Galán.
GOLA: 1-0: Jito (66').
EPAILEA: Uson Rosell. Txartel horiak: Cabero, Canario, Jorge Hernández, Dani Mateos (Sestao River); Morcillo (Real Union.
Ohitura bilakatzen ari da Real Unionek etxetik kanpo galtzea. Lau porrot jaso ditu bost irteeratan. Sestaoko Las Llanasen lan ona egin dute txuribeltzek, baina ez dira irabazteko gai izan. Ondo hasi da Aitor Zulaikaren taldea. 15.minutuan gol aukera bikoitza izan du, baina Aimarrek eta Galanek huts egin dute. 31.ean, Urkizuren errematea atezainak harrapatu du. Irundarrak izan dira baloiaren jabe, eta arriskua sortu dute lehen zatian. Sestao urrutitik egindako jaurtiketekin bakarrik saiatu da, eta ez du arrakastarik izan.
Atsedenaldiaren ondoren oldarkorrago irten da River. 57.minutuan lehen abisua eman du Canariok, zutoinetik hurbil pasa baita bere jaurtiketa. 66.ean, Jitok aurretik jarri du etxeko taldea. Bigarren aukera ere izan du sei minutu beranduago, baina Txusta atezainak 2-0ekoa ekidin du. Abantailarekin eroso ibili da Sestao. Zulaikak Ozkoidi eta Iriarte zelairatu ditu erasora egiteko asmoz. Azken txanpan, ordea, jokoa ez da arina izan. Behin eta berriro eten du ezkerraldeko taldeak. Kirol sasoiko bigarren garaipena lortu du azkenean Sestao Riverrek, Real Unionen kaltetan.