Goi mailan ari dira Leka Eneako talde nagusiak
Mahai teniseko maila gorenean ordezkaritza duen euskal elkarte bakarra da Leka Enea. Bat ez, bi talde ditu gainera Superdibisioan: mutilena eta neskena. Europa mailan ere lehiatu dira biak 2015/2016 denboraldiaren hasieran. Kanpoan gelditu dira jada, baina helburuak beteta. Ligan jarriko dute orain arreta.
Europa mailako ETTU Cup lehiaketan parte hartu dute, aurten ere, Leka Enea mahai tenis elkarteko talde nagusiek. Neskak lehen kanporaketan gelditu dira lehiatik kanpo, baina maila handia eman dute. Kordoban jokatu dute lehen fasea, ligan aurkari duten Priego taldearen etxean. Beste hiru talde ere aritu dira: Holandako bat, Belgikako bat eta Portugalgo beste bat. Irundarrak ez dira hurrengo faserako txartela lortzeko gai izan, baina helburua bete dute. “Kontuan hartu behar da Sara Martinez hamabi urteko gaztea eraman dugula, eta ia hurrengo fasera pasatzeko gai izan garela”, azpimarratu du Gorka Fernandez entrenatzaileak. Harrobiko jokalariei pixkanaka aukerak ematen ari da Leka Enea. Martinezentzat esperientzia “ikaragarria” izan dela baieztatu du Fernandezek.
Leka Eneako mutilak bigarren fasera heldu dira ETTU Cup lehiaketan. Lehena etxean jokatu dute, Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan. Bigarrenean Kroaziara bidaiatu behar izan dute. Bertan aurkari gogorrak topatu dituzte, eta ez dute hirugarren fasera igarotzea lortu. Joan den urtean, langa hori gainditzeko gai izan ziren. Hala ere, ez daude aurtengo emaitzarekin atsekabetuta. Ezta gutxiago ere. “Bi talde indartsu zeuden. Asiako jokalariak zituzten”, nabarmendu du Jaime Vidal Leka Eneako jokalariak. Gutxieneko helburua bete dutela esan daiteke, beraz. Hurrengo denboraldian beste urrats bat ematen ahaleginduko dira berriro. Baina horretarako, Europarako sailkatu beharko dute, ligan sei onenen artean geldituta.
Eguneroko entrenamendua
Superdibisioko aurkariek taldeak indartu dituzte aurten. Leka Eneak ez du fitxaketarik egin, baina jokalariek elkarrekin jokatzen daramaten denbora du alde. Ezaugarri hori goraipatu du Jaime Vidalek: “Ondo ezagutzen dugu elkar. Talde sendoa gara zentzu horretan”. Ciudad Realgoa da Vidal, baina bost urte daramatza Irunen. Valladoliden hasi zen Superdibisioan, eta Leka Enean jokatzeko fitxatu zuten. Taldekideak ere Irundik kanpokoak dira: Dordje Borcic serbiarra da, eta Endika Diez gasteiztarra. Espainiako Txapelketan bigarren izan zen Diez ekainean. Superdibisioko mutilen taldea profesionala da; mahai tenisa da jokalarien ogibidea.
Egunean bi entrenamendu saio egiten dituzte mutilek. Arlo teknikoa lantzen dute mahaian, baina fisikoa ere bai. Gimnasiora eta korrika egitera joaten direla azaldu du Jaime Vidalek: “Urte batzuk dira konturatu ginela arlo fisikoa lantzeak eragin handia duela errendimenduan”. Gainera, bideo saioak ere egiten dituzte, gaur egun, aka-tsak zuzentzeko. Aurten hobetu beharreko zerbait azpimarratu du Gorka Fernandez entrenatzaileak: “Uste dut etxean jokatzen dugunean presio handia izaten dugula. Ikusleek asko animatzen dute, eta irabazteko beharra sentitzen dugu. Kanpoan berriz, espero ez dugunean partidak irabazten ditugu”.
Neskak, aldiz, ez dira profesionalak. Eskakizun mailan bai, mutilen parekoak dira: partidak eta bidaia luzeak izaten dituzte astero, eta egunero entrenatzen ahalegin-tzen dira. Baina gainera, ikasi edo lan egiten dute, aldi berean. “Ahalegin handia egiten dute”, onartu du Gorka Fernandezek. Aldeko datua da neska gehienak irundarrak direla. Atzetik ere, neska gazte asko dituzte ate joka. Europako lehian parte hartu duen Sara Martinez da adibiderik onena. Harro dago Fernandez: “Gero eta gehiago dira mahai tenisean ari diren neska irundarrak. Oso garrantzitsua da hori guretzat”. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroa martxan dagoenetik, Irungo mahai tenisaren oinarria handitzen ari da etengabe. Gaztetxoentzat, Superdibisioko taldeak erreferente dira.