Goi mailako jokalari goiztiarrak
Hiru gaztetxo irundar ariko dira aurten Leka Eneako emakumeen talde nagusian
Harrituta hartuko dute aurten, Emakumeen Superdibisioko aurkariek, Leka Enea mahai tenis elkarteko taldea. Izan ere, 13 eta 14 urteko hiru gaztetxo irundar ariko dira, txandaka, Irungo elkarteko emakumeen talde nagusian. Ane Rivera, Elene Sagardia eta Sara Martinez Leka Eneako belaunaldi gazteko ordezkariak dira. Ez dituzte elkartearen hasierako urte prekarioak ezagutu. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentro modernoan ikasi dute mahai tenisean, eta maila handia lortzen ari dira, ziztu-bizian. Europan ere lehiatuko dira aurten.
Sara Martinez da hiruetan gazteena. Bi taldekideak baino lehenago hasi zen, ordea, mahai tenisean. “Aitak animatu ninduen probatzera, zortzi edo bederatzi urte nituela”, gogoratu du. Gustatu zitzaion, eta aurrerantzean mahai tenisa izan da bere kirol jarduera nagusia. Iaz egin zuen debuta Superdibisioko taldearekin, Europako ETTU Cup lehiaketako kanporaketan. Elene Sagardiak eta Sara Martinezek Superdibisioko ligan jokatzeko aukera izan zuten joan den urtean. Bizpahiru urte daramatzate mahai tenisean, eskola kirola amaitu ondoren hasi baitziren. Sagardiak udako ikastaroa batean egin zuen proba, eta atsegina iruditu zitzaion: “Zeharo ezberdina da, beste kirolekin konparatuta”.
“Zeharo ezberdina da mahai tenisa, beste kirolekin konparatuta”
Elene Sagardia
“Oso onak dira aurkariak, gu baino askoz azkarragoak”
Ane Rivera
“Ondo moldatzen gara taldekideekin”
Sara Martinez
Aurten, Superdibisioko taldearen ligako eta Europako hitzorduetan parte hartuko dute hiruek, txandaka. Orain arte ezagutu dutenarekin aldean, zailtasuna askoz handiago adela onartu du Ane Riverak: “Oso onak dira aurkariak, gu baino askoz azkarragoak. Erreakzio gaitasuna landu behar dugu”. Ados daude taldekideak. Sagardiak, baina, beste ezaugarri bat azpimarratu du: “Esperientzia dutela nabari da. Gu oso-oso urduri jartzen gara. Burua kontrolatzen ikasi behar dugu”. Horretarako, lagungarri dute taldekide helduagoen babesa. Adin tartea handia izanagatik ere, harremana ona dela baieztatu du Sara Martinezek: “Oso ondo moldatzen gara”.
Klubaren asmoak
Superdibisioan aritzea saria izango da hiru neskentzat. Hala ere, haien talde nagusia Lehen Mailakoa izango da. Ohorezko Mailara igotzea izango dute helburu, eta horretarako, sailkapeneko lehen hiru taldeen artean egon beharko dute. “Superdibisioan, Ohorezko Mailan, eta Lehen Mailan eduki nahi genituzke taldeak”, aitortu du Gorka Fernandez nesken entrenatzaileak. Superdibisioko taldearen helburua, lehen sei sailkatuen artean egotea izango da, hurrengo urtean ere Europa mailan lehiatzeko. Dena den, Fernandezek ez die gaztetxoei presiorik sortu nahi: “Maila handiagoko aurkarien kontra jokatzera ohitzen joan daitezen nahi dugu”. Etorkizunerako apustua da Leka Enearena.
Asteburu betea izango da urriaren amaierakoa
Hitzordu bikoitza izango du Leka Eneak Irunen, urriaren 29tik azaroaren lehenera doan zubi luzean. Batetik, ETTU Cup Europako lehiaketako lehen kanporaketa jokatuko du emakumeen talde nagusiak etxean. Portugalgo, Turkiako, Luxenburgoko eta Italiako taldeak izango dituzte aurkari. Aurrera egitea zaila izango dela uste du Fernandezek. Hala ere, neska gaztetxoentzat esperientzia ederra izango dela azpimarratu du.
Bestalde, Espainiako Txapelketako kanporaketa zonala antolatuko du Leka Eneak. Galiziako, Asturiasko, Gaztela-Leongo, Cantabriako eta EAEko 400dik gora jokalari bilduko dira, maila guztietakoak. Kategoria bakoitzeko lehen zortziek, Espainiako Txapelketako azken faserako txartela lortuko dute. Artaleku kiroldegian egingo dute, Sonia Etxazarretak ez baitu tamaina horretako lehiaketa hartzeko adinako espaziorik. Hamar urte daramatza Leka Eneak, zonala jokatzera Galiziara joaten. Horregatik, lan handia badakar ere, antolatzearekin pozik dago Gorka Fernandez: “Bidaiak eta hoteletako egonaldiak aurreztuko ditugu”. Neskak, jakina, ez dira iritzi berekoak. Bidaiatzea nahiago dutela onartu dute, barrez.