Goi mailako eskubaloia izango da asteburuan Artalekun

2016/01/07

Irungo Artaleku kiroldegian egingo dute Espainiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa-Domingo Bárcenas Memoriala. Mundu mailan, lagunarteko eskubaloi hitzordu nagusietako bat da. Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Espainiako eta Euskadiko eskubaloi federazioek eta C.D.Bidasoak antolatu dute. Urtarrilaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko dira norgehiagokak.

Brasil, Suedia, Polonia eta Espainia izango dira parte hartzaileak. Azken hiruak Polonian jokatuko den Europako Txapelketan ariko dira Irungo hitzorduaren ondoren. Edonola ere, maila handiko selekzioak dira laurak. Denen artean 8 domina lortu dituzte Joko Olinpikoetan, 18 Munduko Txapelketetan, eta 22 txapelketa kontinentaletan. Palmares onena Suediarena da. Lau aldiz izan da munduko txapeldun, eta beste lautan Europako txapeldun. Domina horietako azkena, ordea, 2002.urtean jantzi zuen. Azken urteotan maila onena eman duen selekzioa Espainiakoa izan da. Munduko txapelketa irabazi zuen 2013an, eta hirugarren izan zen Europakoan, 2014an.

Aginagalderen itzulera

Julen Aginagalde izango da asteburuko protagonista handienetako bat. Irundarrak Espainiako selekzioarekin jokatuko du Artalekun. Bidasoaren harrobian hazitako jokalaria da. 1999an egin zuen debuta lehen taldearekin, eta 2006ra arte aritu zen Artalekun. 24 urte zituela utzi zuen Bidasoa, kirol ibilbide arrakastatsuari hasiera emateko. Leongo Ademarren, Ciudad Realen, Atlético de Madriden eta Kielcen aritu da ondoren. 2007an Artalekun jokatu zuen Aginagaldek, Ademarrekin. Baina urte hartan, Bidasoak maila galdu zuen. Orduz geroztik, behin bakarrik jokatu du pibote irundarrak Artalekun. 2012an izan zen, klubaren 50.urteurrenaren harira beteranoen eta gazteen artean antolatutako lagunartekoan.

Hiru jardunaldietako partida guztiak ikusteko bonoak 40 euro balio du. Aldez aurretik eros daiteke, C.D.Bidasoa elkarteak Artaleku kiroldegian duen egoitzan, edo web gunean eskaini duen aplikazioan: (www.cdbidasoa.eus/xv-memorial-domingo-barcenas-2015). Leihatilan ere salduko dituzte bonoak, baina 50 euroren truke. Jardunaldi bakarreko sarrerak 20 euro balioko du.

Ondorengoak dira jardunaldien ordutegiak:

Urtarrilaren 8a:

18:45 Polonia-Brasil

20:45 Espainia-Suedia

 

Urtarrilaren 9a:

16:00 Suedia-Polonia

18:00 Espainia-Brasil

 

Urtarrilaren 10a:

11:00 Brasil-Suedia

13:00 Espainia-Polonia