Goi mailako anai-arrebak
Azken urteotan, asko izan dira nazioarteko slalom lehiaketetan maila handia eman duten gipuzkoarrak. Horien artean, irundarrak ere badaude. Ander Elosegik eta Joan Crespok denbora daramate horretan. Baina gazteak ere indartsu datoz. Deigarria da Olazabal anai-arreben kasua. Nazioarteko txapelketetan nabarmentzen hasi dira ia aldi berean. Hogeita bi urte ditu Telmo Olazabalek, hamazazpi besterik ez, Klarak. Aurten, urrezko domina lortu du Klarak taldekako proban, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, Brasilen. Lehiaketa berdinean, laugarren izan da Telmo, K1eko proba lehiatuan. 23 urtez azpiko Munduko Txapelketarekin amaitu dute denboraldia. Abuztuko azken asteburuan izan da, Krakovian (Polonia).
Europako Txapelketarekin bukatu duzue kirol sasoia. Zein balorazio egin duzue?
KLARA OLAZABAL: Udara osoan Europan zehar bidaiatzen eta entrenatzen ibili gara lehiaketa hori prestatzeko. Nik bakarkako finalean sartzea lortu dut, eta jaitsiera ona egin dut, amaieran izan ezik. Taldekako lehian hirugarren postua lortu dut. Beraz, pozik nago egindako lanarekin.
TELMO OLAZABAL: Aitortu behar dut Brasilen, Munduko Txapelketan laugarren izan ondoren, gehiago espero nuela. Baina finalerdian egindako akats pare baten ondorioz, finaletik kanpo gelditu naiz. Horrelakoa da ur-bizietako piraguismoa. Egun batean proba irabaz dezakezu, eta hurrengoan azken tokian gelditu.
Atsedena hartzeko denborarik izango al duzue orain?
TELMO OLAZABAL: Hondarribiko jaietan pixka bat izan dugu, aurtengo denboraldia oso luzea izan baita. Baina denboraldiaurreari ekingo diogu laster. Hurrengo denboraldian dugu jada burua.
Aita piraguista izan zen. Berak bultzatuta hasi zineten?
TELMO OLAZABAL: Egia da bost urte genituenean hasi ginela aitarekin piraguan. Mundu honetan sartu gintuen, eta piraguarako grina sortu zitzaigun.
KLARA OLAZABAL: Nigan Telmok ere eragina izan du. Piraguismoan hasi ginenetik elkarrekin entrenatu izan dugu. Klubean lehenengo, eta nazioarteko taldean orain.
TELMO OLAZABAL: Arrebaren bilakaera ikustea polita izan da. Maila handia erakutsi du gaztetatik. Baina nire ustez, lanaren ondorioz egin du lekua.
Duela bost urte sortu zen Gipuzkoan nazioarteko lehiaketei begirako taldea. Zergatik?
TELMO OLAZABAL: Lehen dena kluben bidez egiten genuen. Baina nazioarteko lehiaketetan maila hobea lortzeko, errendimendu handiko taldea sortu genuen, klub ezberdinetako ordezkariekin. Bost urtean, taldearen maila ikaragarri handitu da.
Kanpora joan behar izaten duzue entrenatzera, Pauera edo La Seu d’Urgellera. Ahalegin handia eskatzen du.
TELMO OLAZABAL: Bai, Gipuzkoako goi mailako zentroa furgoneta bat da. Ordu asko sartzen ditugu errepidean. Gure esfortzua eskatzen du, eta gurasoen ahalegin ekonomikoa ere bai.
KLARA OLAZABAL: Instalazio egokien faltak hori dakar. Gipuzkoan ez baitugu ur-bizietako kanalik. Ahalegin handia da, baina gure helburuak lortzeko ilusioz egiten dugu.
Zergatik gustuko duzue ur-bizietako piraguismoa?
KLARA OLAZABAL: Asko bidaiatzen dugu, ibaiak eta kanalak ezagutzen ditugu, eta jendea ere bai. Kirol arloan, onena da oso aldakorra dela, guztiok ditugula aukerak. Gainera, ez dago kirolariaren prototipo konkreturik. Batzuk handiak eta indar-tsuak dira, beste batzuk txikiak eta teknikoak.
TELMO OLAZABAL: Naturarekin kontaktuan zaudela. Denboraren kontra lehiatu behar duzu, eta ura erabili behar duzu helburuak betetzeko. Kontrola ezina den zerbaiten kontrola bilatzea da slalom-a.
Urte olinpikoa izango da hurrengoa. Rio de Janeiron egoteko aukerarik baduzue? Imajinatzen al duzue?
TELMO OLAZABAL: Selekzio probetan parte hartuko dugu, behintzat, datorren urtean. Zaila izango da txartela lortzea, baina saiatuko gara.
KLARA OLAZABAL: Olinpiar Jokoak ametsa dira guretzat. 2016koak agian ez, baina 2020koak jar daitezke helburu moduan.
Ander Elosegi bi aldiz izan da laugarren Olinpiar Jokoetan. Iritsiko al da domina Irunera?
TELMO OLAZABAL: Bi aldiz laugarren izatea gutxiestea ez da zuzena. Horrek esan nahi du zortzi urtez goi mailan aritu dela. Hala ere, 2016an berriro saiatuko da, eta aukerak izango ditu.
KLARA OLAZABAL: Ander Elosegiren belaunaldiko palistak erreferente izan dira guretzat. Bidea ireki eta helburu handiak jartzeko beldurra kendu digute.