GIPUZKOAKO ZALDI-JAUZIEN TXAPELKETA JAIZUBIAN JOKATUKO DA

2021/01/21
GIPUZKOAKO ZALDI-JAUZIEN TXAPELKETA JAIZUBIAN JOKATUKO DA

Otsailaren 6 eta 7a bitarte, Gipuzkoa eta Nafarroako zaldizko onenak Jaizubian bilduko dira Gipuzkoako txapelketako garaikurra lortzeko.

Gipuzkoako Federazioak hala eskatuta, Irungo Jaizubia Zaldi Eskolak antolatuko du Gipuzkoako Zaldi-jauzien Txapelketa. Pandemiaren erruz, urriaren 31n eta azaroaren 1ean ospatzekoa zen txapelketa datorren hilabeteko 6 eta 7an jokatuko da. 100 zaldizko inguruk parte hartuko dute, Gipuzkoako zein Nafarroako talde ugari Irunera bertaratuko dira garaikurra irabazteko asmoarekin.

Proba Jaizubia Elkarte Hipikoaren pista nagusian jokatuko da, zehazki, 2018ko ekainean Gipuzkoako Jauzi Txapelketarekin eta Irungo Hiriaren XXXI. Sari Nagusia ‘Nagore Otaño Omenaldia’-rekin estreinatu zen pista berberan. Lehen mailako agertokia da Iruneko; izan ere, 85x70 metro eta 6.000 metro karratuko neurriarekin, Euskadiko pista handiena eta Zamorarenarekin batera, Espainiako Estatuko iparraldeko bigarrena da.

Xabier Berrotaranen, Jaizubia Zaldi Eskolako arduradunaren, esanetan, “probak zorrotzak eta ikusgarriak izango dira, eta gure hirian kalitatezko zaldizkoak eta zaldiak izango ditugu”. Argi dago, otsailaren 6 eta 7an, maila handiko txapelketa izango dela ikusgai Jaizubiako Hipikan. Hain zuzen ere, 0,50 metro eta 1,30 metro bitarteko jauziak ikusteko abagunea izango da.

Segurtasun neurri zorrotzak. 

Covid-19ari aurre egiteko, lehiaketara hurbilduko den orok hurrengo segurtasun neurriak bete beharko ditu. Bertaratutakoak NANarekin identifikatu beharko dira eta sartzen direnei egun bakoitzerako kolore ezberdineko eskumuturrekoa emango zaie. Horretaz gain, Zaldientzako dutxen eremua mugatua izango da eta instalazio osoan akreditatutako langileak egongo dira musukoa soilean eramaten eta distantziak betetzen direla ziurtatzeko.