Getxoko Banderarekin konpondu du Hondarribiak Nojako estropezua

2015/07/26
Getxoko Banderarekin konpondu du Hondarribiak Nojako estropezua

San Miguel Ligaren erdia gaindituta, lider indartsua da Hondarribia Arraun Elkartea. Hamaika puntuko errenta du Urdaibairekiko. Larunbatean kolpea jaso zuten berdeek Nojan, lau puntuko koska kendu baitzion traineru bizkaitarrak abantailari. Igandean, berriz, txapeldun handien moduan erantzun du Hondarribiak. Getxoko Bandera eskuratzeaz gain, galdutako lau puntuetatik hiru berreskuratu ditu. Zalantzak uxatu ditu horrela.

Itsaso zakarra izan zen protagonista larunbatean Nojan. Balizen kokapenean izandako arazoak zirela medio, erlojuaren kontra jokatu behar izan zuten estropada. Jardunaldi txarra izan zen Hondarribiarentzat, bosgarren izan baitzen sailkapenean. Urdaibaik erritmo bortitza jarri zuen, eta urrunetik jarraitu behar izan zuten Oriok eta Hondarribiak. Azkenean San Nikolas ontziak gainditu zuen Ama Guadalupekoa. Gainera, bigarren txandako San Juanek eta Kaikuk ere Hondarribiak baino denbora hobea egin zuten.

Igandean bigarren txandan aritu behar izan du Hondarribiak Getxon. Erreferentziarik gabe arraun egin duten arren, ziztu bizian ibili dira Mikel Orbañanosen mutilak. 19:30eko denbora egin dute, eta ohorezko txandako aurkariek ezin izan dute marka hobetu. Oriok bandera arriskuan jarri du, baina azken luzean ihes egin dio bidasoarren erreferentziak. Urdaibaik Kaiku gainditu duen arren, bigarren txandako Cabo sartu da tartean. Ondorioz, hiru puntu berreskuratu ditu Hondarribiak. Abuztuaren 8an eta 9an izango dira San Miguel Ligako hurrengo jardunaldiak, Galizian. Datorren asteburuan Espainiako Txapelketa egongo da jokoan, Castro Urdialesen.