GARAIPENETIK, ZORTZIGARREN POSTURA
Hondarribia B-k Elantxobeko Estropadan Ohorezko Txandan haize ufadekin arazoak izan zituen eta zortzigarren postuan bukatu zuen denboraldiko bigarren froga.
Arraunean ez dago erlaxatzeko unerik. Eremu naturalean jokatzen den kirola da eta eguraldiak, korronteak eta haizeak erabat baldintzatu dezakete estropada bat. Elantxobeko urak zerbait badira, mugituak dira eta haizeak astintzen duenean, txanden arteko aldeak handitzen ditu. Halere, ‘Txalo’ Carrionek zuzentzen duen taldearen estropada ez zen onena izan.
Hondarribia Arraun Elkartearen B traineruak 8.postuan bukatu zuen Elantxobeko estropada. Aurreko astean garaipena eskuratu ostean, Hondarribia Arraun Elkartearen bigarren traineruak Ohorezko txandako denborarik mantsoena egin zuen eta bigarren txandan aritu ziren zenbait ontzik aurre hartu zioten. 22:47,66 denboran helmugeratu ziren eta probako garailea Busturialdea izan zen, 21:41,45 denbora egin zuten bigarren txandan. Txanda horretatik ere, Mutrikuk egin zuen eguneko bigarren denbora (22:01,75) eta Ohorezko txandako lehen sailkatua, Portugalete, helmugeratu zen hirugarren postuan (22:14,25). Hondarribiaren aurretik, Ohorezko txandako Donostiarra B, bigarren txandan aritutako Deustu B-k eta lehen txanda lehiatu zuen Hibaikak aurre hartu zioten. Zazpigarren postuan, sei segunduko aldearekin, Zarautzek aurretik igarotu zuen helmuga. Bi talde soilik aritu ziren Hondarribia B baino mantsoago: IRC Santoña eta Illunbe, 15 eta 29 segunduetara, hurrenez hurren.
Sailkapen nagusian ere zenbait postua behera egin du Hondarribiaren B-traineruak. lLiderrak izatetik, bosgarren postura erori da. Lehen bi estropadak jokatuta, 13 puntu ditu Hondarribiak eta Portugalete da lider, 17 punturekin. Denboraldiko une honetan, oraindik berdintasuna da nagusi.