Garaipenarekin hasi du liga Hendaiak
2015/09/22
Hasiera ona eman dio Hendaiak ligari. Bikaintasunerako, erasoko bonusa falta izan zaio. Hala ere, Yannick Lamour trebatzaileak adierazi du lehen partidari ezin zaiola askoz gehiago eskatu. Montauban taldea gainditu zuen igandean Hendaiak Ondarraitzen, Fédérale 2 ligako lehen jardunaldian. Etxeko taldearen jokoa ona izan zen, eta bost aldiz lortu zuen entseguko marra gainditzea. Diziplina falta izan zitzaion bigarren zatian, erasoko bonuseko puntua ere eskuratzeko. Lehen lau puntuekin, bigarren tokian kokatu da Hendaia Fédérale 2ko seigarren multzoan. Igandean Lannemezanen ariko da (15:30). Casteljaloux taldearen etxean galdu zuen aurkariak lehen jardunaldian.