GARAIPENA BEHAR ZUTEN ETA LORTU ERE
Garrantzi handiko norgehiagoka zen larunbatekoa, sailkapeneko bigarren sailkatuak bisitatzen zuten Plaiaundiko zelaia eta 34-17ko garaipena eskuratzea lortu zuten irundarrek.
Zelaiaren berezitasunak aprobetxatzeko asmoarekin irten ziren irundarrak, baina oso motel hasi zuten partidua, akats asko eginez eta zigor kolpeak eskeiniz. Zornotzako taldeak Txingudi Rugby klubak eskeinitako abaguneak baliatu zituen eta laugarren minutan 0-3 aurreratu ziren markagailuan.
Lehen zatia aurrera zihoan einean, Zornotzak partiduaren erritmoa eramaten zuen. Irundarrak meleak eta touchak kontrolatzen zituzten baina, bizkaitarrak izan ziren lehen entsegua egitearen arduradunak. Horrela, 12.minutuan 0-10 galtzen hasi zen Txingudi Rugby Cluba.
Baina gauzak okerren zeuden unean, irundarren erreakzioa iritsi zen eta taldearen joko erasokorra bueltatu zen. Hala ere, ez zuten markagailua mugitzen. Batetik, Zornotzarrek bikain ekin zioten defentsari eta bestetik, zituzten aukerak ez zituzten baliatzen. Baina 26.minutuan, lehen entsegua lortu zuen Txingudi Rugby Clubak eta markagailua hiru puntutara hurbildu zen, 7-10. Joko onari jarraipena eman zioten irundarrek eta 29.minutuan beste entsegu bat gauzatzea lortu zuten.
Markagailuari buelta eman zioten, eta nola gainera, 12-10koaren ondoren eta atsedenaldia iristeko bost minutu falta zirela, lehen zatiko hirugarren entsegua lortu zuen Txingudi Rugby Clubak. Horrela, atsedenaldira 17-10eko abantailarekin iritsi ziren.
Bigarren zatia zailtasunekin hasi zuen talde irundarrak. Bi jokalarik txartel horia ikusi zuten eta taldea 13 jokalarirekin utzi zuten denbora asko. Hala ere, Txingudi Rugby Cluba sendo ibili zen defentsan eta entsegu berri bat gauzatzea lortu zuten ere (22-10).
Konfiantzaz beterik zebiltzan irundarrak eta gizon bat gutxiagorekin jokatzen zuten arren, ez zen nabaritzen. Horrela, 69.minutuan, jokaldi on batzuen ondoren, norgehiagokako bostgarren entsegua lortu zuten (27-10). Baina denak ez ziren berri onak, Zornotzak denbora asko ondoren, partiduko bigarren entsegua gauzatu zuen (27-17).
Denbora gutxi geratzen zen partiduaren amaierarako, baina Zornotzak markagailuan gehiago hurbiltzeko aukerak izan zituen. Baina ez ziren gehiago hurbildu, urrundu ziren. Izan ere, norgehiagokaren azken minutuetan Txingudi Rugby Clubak azken entsegua lortu eta 34-17ko markagailua ezarri zuten.