Garaipen zaporea duen puntua lortu du Mariñok
Ligako lehen puntua eskuratu du Emakumeen Bigarren Mailako Mariñok. Igandean izan zen, Burgosen, Nª Señora del Belén taldearen aurka. Azpimarratzekoa da hamaika jokalari besterik ez zituela izan Irungo taldeak, eta ezin izan zuela aldaketarik egin. Lehen zatian Mariñok itxura ona eman bazuen ere, desabantaila handiarekin heldu zen atsedenaldira (2-0). Bigarren zatiaren hasieran abagune argiak izan zituen Burgosko taldeak, baina ezin izan zuen norgehiagoka erabat apurtu.
Hamar minutu falta zirela, bi goleko desabantaila zuen Irungo taldeak oraindik. Alabaina, Larrañagak Mariño berpiztu zuen, falta jaurtiketa batean sartutako golarekin. Urdinek gora egin zuten orduan, eta bigarren gola sartu zuten 89.minutuan. Larrañaga bera izan zen golegilea. Egoera zail bati buelta emanez lortu zuen Mariñok lehen puntua.