GARAIPEN ETA PORROT BANA

2021/08/16
GARAIPEN ETA PORROT BANA

(Argazkia: C.D. Bidasoa)

C.D. Bidasoak Fenix Toulousen aurka jokatu ditu orain arteko bi lagunartekoak.

C.D. Bidasoak abuztuaren 2an hasi zuen denboraldi-aurrea eta jada lagunartekoekin dihardu. Asteburuan zehar, ostiral eta larunbatean, Frantziako Starligeko Fenix Toulouse HB taldearen aurka bi norgehiagoka jokatu zituen. Bi proba interesgarri izan dira talde irundarrarentzat; batetik, laster EHF European Leagueko lehenengo kanporaketa jokatuko duen talde baten aurka aritu zelako; eta, bestetik, lagunartekoetan C.D. Bidasoaren bigarren taldearekin lan egiten duten gazteen partaidetza esanguratsua izan delako.

Ostiraleko proban, talde frantziarra gailendu zen. Lehen zatian, 3 goleko aldeaz gozatu zuen Bidasoak (7-4, 8-5 eta 11-8) , baina berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira (14-14). Bigarren zatia oso estu joan zen, Fenix Toulousek abantaila txikiak, lortu, mantendu eta aurretik jartzea lortu zuen, 29-32 gailendu arte. Emaitzaz harago, aurtengo lau fitxaketen (Ander Ugarteren (3), Adrian Fernandezen (1), Victor Rodriguezen eta Dariel Garciaren (2)) lehen minutuak ikusteko aukera utzi zuen neurketak. Horretaz gain, 5 hilabete min hartuta egon ostean, Kauldi Odriozola hegaleko zumaiarra Artalekura itzuli eta bost aukeratan frantziarren atea zulatu zuen.

Larunbatean, III. Eragin Txapelketan jokatu zuen talde irundarrak, Orioko Karela kiroldegian. Frantziarren aldeko lehen errentaren ostean, Eneko Furundarenaren lanean oinarrituta C.D. Bidasoak markagailua berdindu eta atsedenaldira 15-13 aldeko abantailarekin heldu zen, nahiz eta bidean lau goletako errenta lortu (13-9). Lehen zatian erdietsitako abantaila bikain eutsi zuen C.D. Bidasoak eta gol bakar batengatik garaipena eskuratu zuen. Bigarren neurketa honetan nabarmendu beharreko lana Eneko Furundarena izan zen. Etxetik hurbil eta talde handi baten aurka, 7 gol egiteko gaitasuna izan zuen jokalari gazteak. Furundarenaren garapena denboraldi-aurreko albiste pozgarrienetakoa izan liteke.

Kapitaina min hartuta.

Asteburuak ere albiste txarrak utzi ditu. Larunbatean, etxean, Sokolicen kaleratze zuzena suposatu zuen kolpean, min hartu zuen Jon Azkuek. Ezin izan zuen taldearekin batera neurketa bukatu, eskumuturreko eskafoidea kolpatuta du kapitainak eta datozen egunetan egingo zaizkion proben emaitzak itxaron beharko ditugu ondorioak zeintzuk diren jakiteko.