Garaipen esanguratsua lortu du Real Unionek Gernikan
GERNIKA: Altamira, Kevin, Gorka, Carracedo, Diego (Enziondo, 56'), Berasaluze, Bordas (Santamaría, 42'), Aimar, Salutregi, A. Larruzea, Ander Franco (Arroita, 70').
REAL UNION: Txusta, Urkizu (Ribera, 78'), Azkoiti, Esnaola, Morcillo, Rodellar (Martins, 78'), Eizmendi, Mikel Alonso, Ozkoidi, Alain Barrón (Mujika, 73'), Galán.
GOLAK: 0-1: Barrón (53'). 0-2: Ozkoidi (61'). 0-3: Eizmendi (76'). 0-4: Martins (85'). 0-5: Eizmendi (92').
EPAILEA: Lopez Puerta. Txartel horiak: Gernikako Bordas, Salutregi, Diego, Franco, Carracedo (x2), Kevin, Larruzea, Jabi Luaces (entrenatzailea).
Atzean gelditu dira Real Unionek denboraldiaren hasieran etxetik kanpo zituen buruhausteak. Garaipenak lortu ditu azken hiru irteeretan. Gernika Urbieta zelaian galdu gabea zen, baina oraingoan porrot mingarria jaso du irundarren eskutik. Jaun eta jabe izan da Real Union, norgehiagokaren hasieratik. Bost minutu behar izan ditu baloia eskuratzeko, eta hamabi lehen abagunea sortzeko. Morcillok jokaldi ederra egin du, pasea ere tamainakoa izan da, baina Eneko Eizmendiren errematea atezainak gelditu du. Eizmendik berak atezainaren eskuetara bidali du beste jaurtiketa bat, 18.minutuan. Baloiaren jabe izan da Union, jokoan fin ibili da, baina ez du markagailuan abantaila hartzea lortu. Gernikaren aukera onena Santamaríak izan du, zelaira irten bezain pronto, 42.minutuan. Gora bidali du jaurtiketa.
Bide beretik hasi dute txuribeltzek bigarren zatia, eta momentu egokian iritsi da lehen gola. 53.minutuan, zalantzak azaleratzen hasi baino lehen. Alain Barronek egin du 0-1ekoa, buruz, Eizmendiren erdiratzea baliatuta. 61.minutuan maldan gora jarri zaio norgehiagoka Gernikari. Epaileak Jon Carracedo atzelaria kanporatu du. Txartel horia atera dio lehenengo, eta protesta egiteagatik, bigarrena eta txartel gorria. Lau minutu beranduago, 0-2koa sartu du Ozkoidik, Eizmendiren pase bikaina jaso ondoren. Zeharo konplikatu zaio neurketa talde bizkaitarrari. Unionen kontrola erabatekoa izan da hortik aurrera. Hirugarrena Eizmendik egin du, eta Martinsek laugarrena. Eneko Eizmendik norgehiagoka borobildu du, jaurtiketa ikusgarri bati esker bosgarren gola sartuta. Bolada onean dago Real Union, eta eguberrietako etena iritsi aurretik luzatzen ahaleginduko da. Portugalete hartuko du datorren astean, Stadium Galen.