GABONETAKO KROSAREN BEDERATZIGARREN EDIZIOA OSPATUKO DA ASTEBURUAN
Aurten Bikendi Aizpiolearen omenez sari berezi bat banatuko dute infantil mailan
Bederatzigarren aldiz ospatuko da Gabonetako Krosa abenduaren 16an Irunen. Ohiko ibilbidea izanen du aurtengoan ere, baina egunak berezitasunak izanen ditu. Tartean, Bidasoa Atletiko Taldeko korrikalari izan zen Bikendi Aizpiolearen omenezko saria. Horrez gain, Super Amara Gabonetako Kros Txikia ere ospatuko da egunean bertan.
Bost kilometroko ohiko ibilbidea izanen du aurten ere Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Gabonetako Krosak. Eguberrien oporren aitzinetik egiten den ohiko besta giroko lasterketa ospatuko da. Irungo karriketan barrena pasatuko dira korrikalariak, Kolon Pasealekuan hasi eta Luis Marianora ailegatu bitartean.
Arratsaldeko 15:00etatik aitzinera, DJ batek girotuko ditu hiriko kaleak ere eta giro ederra egonen dela aurreikusten dute. Gainera, bakoitzaren objektu pertsonalak uzteko lekua eskainiko dute irteeran, baita dutxak eta aldagelak ere Artalekuko kiroldegian. Bukatzean, anoa gunea ere izanen da helmugan, lasterketaren babeslea den Super Amararen eskutik. Korrikalari bakoitzak ere poltsa berezia eskuratuko du bertan.
Izen emateak abenduaren 15era arte irekita egonen dira, 13:00ak baino lehen, eta egunean bertan ez da inskripziorik onartuko. Ortzirale arratsaldean berriz, 18:00etatik 21:00etara, dortsalak bildu ahalko dira, baita larunbatean 10:00etatik 12:00etara ere. Sailkapenari dagokionez, kuadrilen kategoria ere aintzat hartuko da eta banakako emakume eta gizonezkoen sariak mantenduko dira.
Aurten, berezitasun moduan, Bidasoa Atletiko Taldeko korrikalari ohiaren omenez, Bikendi Aizpiolearen oroimenez, sari berezi bat emanen zaio infantil mailako onenari. Gainera, lasterketan biltzen den diru guztia “Mi Dulce Guerrero” 1 mailako diabetes duten haurren elkarteari bideratuko zaie.
Azkenik, Super Amara Gabonetako Krosa Txikia ere ospatuko da, nagezien lasterketaren aitzinetik. 15:30etik 16:30era ospatuko da ibilbide eta maila desberdineko haurrentzako proba. Ez da lehiakorra izanen eta haur bakoitzak opari berezi bat izanen du helmugan. Hala ere, izena ematea beharrezkoa da, kirolprobak.com edo atletismobat.com webguneen bitartez.