Fruituak ematen hasi da Sonia Etxazarreta
Leka Enea klubaren garapena bultzatu du teknifikazio zentroak
2013ko urrian zabaldu zituen ateak Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroak. Azpiegiturak eskaintzen dituen aukeren eskutik, ikaragarri hazi da Leka Enea mahai tenis elkartea, azken lau urteetan. Klubeko talde nagusiak goi mailan zeuden orduan, orain bezala. Baina oinarrian, bilakaera itzela eduki du klubak. Horren adibide dira Dani Palacios, Iker Garcia, Aimar Chamorro, Hodei Mancha eta Mikel Angulo. Teknifikazio zentroa ireki zutenean hasi ziren elkartean, eta gaur egun, estatuko onenen artean daude, haien maila bakoitzean.
Dani Palacios (20 urte) da Leka Enea elkarteko harribitxi handienetako bat. Amaren herrian hasi zen mahai tenisean, Extremaduran. Duela lau urte Irunera iritsi zen, eta pozik dago Leka Enean: “Klub handi batean nago, maila handiko jokalarien artean”. Egunero entrenatzen du Palaciosek, eta astean behin, behintzat, bi sesio egiten ahalegintzen da. Unibertsitatea lasai hartu duela aitortu du: “Presarik gabe ari naiz. Gainera, txapelketetarako, unibertsitateak laguntza ematen dit azterketak eta lanen datak aldatzeko”.
Bigarren taldean jokatzen du gaur egun, baina talde nagusian aritu izan da, Superdibisioan, eta Europako lehian ere bai. “Presio pixka bat sentitzen da lehen taldearekin, aukera guztiak aprobetxatu behar baitira. Gainera klubak helburu handia du, Europan egotea urtero”, aitortu du Palaciosek. Espainiako Txapelketako finalerdietan galdu zuen, iaz, 23 urtez azpiko mailan, bakarka. Taldeka, berriz, garaipena lortu zuen, faboritoak mendean hartuta.
Talde berean zegoen Hodei Mancha errenteriarra. Bertan hasi zen mahai tenisean, baina Irunera etorri zen duela hiru urte, aurrera pauso bat emateko asmoz. “Alde handia dago, instalazio aldetik, entrenatzaileei dagokienez etab. Han ez zegoen hobetzeko tarte handirik”, onartu du. Manchak ere ikasketekin uztartzen ditu entrenamenduak, eta ahalegin handiak egiten ditu. Lanbide Heziketako gradu bat ikasten ari da Oñatin, eta Irunera zuzenean joaten da ondoren, trenean, entrenatzera.
Gaztetxoagoa da Mikel Angulo, 14 urte baititu. 10 zituenean hasi zen mahai tenisean, eta berriki, bere nazioarteko lehen lehia jokatu du, Portugalen, Espainiako selekzioarekin. Gertutik jarraitzen du federazioak, eta ez da bakarra, are gazteagoak diren Iker Garcia eta Aimar Chamarro ere haren orbitan dabiltzalako. Aitaren ereduari jarraituz hasi ziren, biak, mahai tenisean. Estatu mailako lehietan ari dira biak, partidak irabazten. Estatuko ipar aldeko zonalean onena izan zen Aimar, iaz, eta hirugarren, Iker.
Harrobiaren garapena
Espainiako Txapelketetara sailkatzeko bidea dira lehiaketa zonal horiek. Duela lau urte, bizpahiru jokalari sailkatzen zituen Leka Eneak. Aurten, 18 eraman dituzte, eta 14 sailkatu. Emaitzetan bakarrik ez, kopuruetan ere garapen handia eduki du klubak. Gaur egun, 120 neska-mutil ari dira mahai-tenis eskolan. Horrek, jakina, lotura estua du Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroak eskaini dituen aukerekin. “Sekulako luxua da azpiegitura hauek edukitzea”, aitortu du Gorka Fernandez Leka Eneako harrobiaren arduradunak: “Nire garaian, Artalekuko korridoreetan entrenatzen genuen. Pentsa aldea zer nolakoa den”.
Nahi duten egunetan eta orduetan ireki ahal izatea da Fernandezek gehien baloratzen duen aukeretako bat. Bestalde, entrenamenduen maila handitu dela uste du: “Asko ikasten ari gara, eta gero eta gehiago irakasten diegu, horrela, gazteei”. Espainiako federazioarekin harreman ona du klubak. Kontzentrazioak antolatzen ditu, eta jokalariak bidaltzen ditu, tarteka, Madrilen dagoen errendimendu handiko zentrora.
Talde bana kategoria bakoitzean
Erreferentea da Leka Enea, momentu honetan, talde bana duelako estatuko kategoria bakoitzean, emakumeetan eta gizonetan. Goi mailan, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak ditu Leka Eneak, Superdibisioan. Aurten, gainera, Europa mailako ETTU Cup lehiaketan aritu dira biak. Bigarren kategorian, Ohorezko Mailan ere, gizonen eta emakumeen taldeak ditu Leka Eneak. Hortik behera, maila guztietan ditu ordezkariak. Horiek horrela, etorkizunean, talde nagusietan gero eta irundar gehiago edukitzea da Leka Enea elkartearen helburua.
Ateak zabalik ditu Leka Eneak, mahai tenisean proba egin nahi duen edonorentzat. Haurren Eskola du, alde batetik, klubaren harrobiaren oinarria, hain zuzen ere. Baina Helduen Eskola ere eskaintzen du, gero eta jende gehiago erakartzen duena. Bestalde, Mugitu taldea ere eratu du Leka Eneak, lehiatzeko helbururik gabe, kirola egin nahi duen jendearentzat. Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroko mahaien eta gimnasioaren erabilera eskaintzen du, hileko 20 euroren truke.