FRAN JUSTOK EZ DU REAL UNIONEN SEGITUKO
Entrenatzaile galiziarrak Real Unionen eskaintza mahai gainean izan du, baina Ponferradina eta Algeciras taldeetatik jaso dituen eskaintzei lehentasuna eman die
Real Unionek joan den ostiralean iragarri bezala, Fran Justo eta staff teknikoak Irunen jarrai dezan abian zuten negoziaketa aldrebestu egin da. Eta gaur goizean baieztatu du ofizialki entrenatzaile galiziarrak ez duela jarraituko. Ezta bere staff tekniko edo lantaldeak ere: Millan Fernandez bigarren entrenatzailea, Erik Penedo prestatzaile fisikoa eta Antonio Portillo analista. Aurten denboraldi hasiera eta bukaeran taldera itzuli ondoren (guztira Ligako 25 partidan 9 garaipen eta 4 berdinketa eskuratuz) taldea salbatu ondoren kontratua berritzeko eskaintza luzatu zioten, baina honen erantzun argi baten esperoan, proiektu ilusionagarri bat lehenbailehen antolatzen hasteko beste alternatiba batzuk aztertzen ari zirela aitortu zuen Antxeta Irratian joan den ostiralean Mikel Bengoa zuzendari teknikoak.
Anartean, Leongo "La Nueva Cronica" egunkariak publiko egin duenez, Fran Justo aurten LaLiga HyperEmotion bigarren mailara igotzeko play-offak jokatu dituen Ponferradinaren eskaintza negoziaketetan dabil egunotan. Eta Algeciras taldearen beste eskaintza bat ere jaso du. Komunikabide horren arabera, Real Unionek egindako oferta stand by egoeran utzia zuen galiziarrak besteak argitu artean, eta honek besteei lehentasuna eman dielarik.
Real Union zain egon beharrean proiektu berri bat egituratzeko entrenatzaile berri bat bilatzen hasi da. Antxeta Irratiak jakin duenez, gaur bertan lau entrenatzailerekin elkarrizketak izango dituzte Stadium Galeko bulegoetan. Eta haien artean, Haritz Mujika eta Velez Mendizabal daude aukera posibleen artean. Mujikaren kasuan, Amorebieta taldean aritu da entrenatzaile lanetan 2019tik 2023ra, hasieran laguntzaile gisa, eta lehen entrenatzaile bezala azken denboraldian LaLiga HyperEmotion mailan.
Era berean, Aitor Zulaika entrenatzaile ohiarekin harremanetan sartu dira azken orduetan. 2014-2016 eta 2020-2022koen ondotik, txuribeltzekin hasiko lukeen bere hirugarren aroa izango litzateke bueltatuz gero. Joan den urtean Sporting B taldea zuzendu du honek.
Entrenatzaile berria nor izango den argitzearen esperoan, aurredenboraldia zehazten doa klubak. Jakinarazi dutenez, uztailaren 22tik 29ra Birminghamen kontzentrazioa egingo dute. Unai Emery klubaren jabe nagusiak entrenatzen duen eta irundarrekin hitzarmena izenpetu duen Aston Villaren etxean. Klubetik iragarri dutenez, uztailaren 27an Football League Town mailan (Ingalaterrako laugarren maila) ari den Barrow AFC taldearen kontrako lagunartekoa hitzartua dute.