FRAN JUSTO: “ONGI ENTRENATU BEHAR DUGU, LASAI EGON ETA IGANDEAN LEHIATZERA ATERA”
Hiru jardunaldi bertzerik ez zaizkio gelditzen Real Unioni eta horietako lehena, igande honetan (maiatzaren 12an) ospatuko dute Ponferradinaren kontra
Real Unioni denboraldiko azken hiru jardunaldi gelditzen zaizkio jokatzeko eta urteko helburuak lortzeko. Hiru erronka horietatik lehena, igande honetan (maiatzaren 12an) izanen du Ponferradinaren kontra (12:00). Neurketa zaila izanen dela aurreikusi dute, baina prest daudela ere adierazi dute puntuak Irunera bueltan ekartzeko.
“Aste luzeagoa izan dugu. Nekatuak gaude, jardunaldi eta entrenamendu aunitzen ondotik”, aipatu du Fran Justo entrenatzaileak igandeko partiduaren atarikoan. Edonola ere, intentsitate altuko hiru entrenamendu egin dituzte eta prest sentitzen dira Ponferradinari aitzin egiteko: “Lan ona egin dugu astean zehar. Intentsitate altuko hiru entrenamendu egin ditugu. Gaurkoa lasaia izan da, errekuperatzeko eta biharkoa aktibatzekoa izanen da, ondotik bidaia egiteko”.
Denboraldiko azken txanpa honetan talde guztiek dute zerbait jokoan, bakoitzak helburu desberdinekin. Horren harira, Justok aipatu du asteburu honetako aurkariak, Ponferradinak, play-offean sartu nahiko lukeela eta horri begira arituko dela azken jardunaldi hauetan. Horregatik beragatik, “partidu zaila izanen dela” argi du prestatzaileak, baina Real Union ere prest dagoela horri aitzin egiteko: “Guk gure aukerak izanen ditugu garaipena eskuratzeko eta puntuak batzeko. Behar ditugu gure helburua lortzeko. Dena berdindua egonen da eta partidu zaila izanen da. Hala ere, Real Unionek ahalik eta hobekien eginen du lan eta hiru puntuekin bueltatzen saiatuko da”.
Hori lortzeko errezeta zein den ere argi du entrenatzaileak: “Ongi entrenatu, bidaiatu, lasai egon eta igandean lehiatzera atera. Badakigu puntu guztiak garrantzitsuak direla eta puntu bakoitzak gure helburura hurbiltzen gaituela. Hiru etapa gelditzen dira eta hau horietatik lehena izanen da”. Justok berak onartu duen moduan, Imanol Baz ezin izanen da neurketan egon, txartelengatik kanporatua izan delako. Hala ere, hamaikako lehiakor bat zelairatuko dutela jakinarazi du.