FRAN JUSTO: “ERAIKITZEN ARI DEN TALDE BAT GARELA KONTUAN HARTUTA, BIDE ONEAN GAUDE”
Real Unionek etxean jasoko du igandean Rayo Majadahonda, orain arte partidurik galdu ez duen taldea
Real Union etxeko zelaian arituko da berriz ere igande honetan, irailaren 10ean, 19:30ean. Oraingoan, Rayo Majadahonda jasoko dute Galen, momentuz neurketari galdu ez duen taldea. Fran Justo entrenatzaileak norgehiagoka zaila izanen dela aurreikusi du, baina talde txuribeltzak dituen sentsazio onekin aurkariari aurre egiteko gai direla ere argi du.
“Bide onean gaude”. Horiek izan dira Fran Justoren lehen hitzak Real Union eta Rayo Majadahonda taldeen arteko partiduaren atarikoan. Bi jardunaldi jokatuta, sentsazio onak dituzte txuribeltzek eta denboraldi hasieran hori garrantzitsua dela adierazi du entrenatzaileak. “Eraikitzen ari den talde bat garela kontuan hartuta, bide onean gaude”, gaineratu du.
“Kategoria honetan xehetasunek erabakitzen” dutela dio Justok, eta hain zuzen ere, xehetasun horiek landu dituzte aste honetan, “hiru puntuak irabaztetik hurbil egoteko”. Etxean arituko dira oraingoan eta bertan garaipena eskuratzea garrantzitsua izanen lirateke taldearentzat, are gehiago porrotarik jaso gabe etorriko den taldeari bada.
Rayo Majadahondak ongi hasi du denboraldia, bi berdinketa eskuratuta Deportivo de la Coruña eta Gimnastic de Tarragona taldeen kontra. Prestatzaileak ongi aztertu du aurkaria eta “baloia edukitzea gustatzen zaiela” ikusi du, “denbora luzez” gainera, baita “euren atetik urrun ere defenditzen badakitela” ere. Horregatik guztiagatik, Real Unionek “kontrola” eduki behar duela adierazi du Justok, “bereziki gogorra” izanen den partiduari aurre egiteko.
Fran Justok dioenez, garaipena eskuratzea ona lirateke talde irundarrarentzat, horrek “konfiantza” emanen liekelako “hazten jarraitzeko eta denboraldiko lehen zati honi behar bezala aurre egiteko”.