FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”

2024/05/17
FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua jokatuko du bihar, azkena etxean, Fuenlabradaren kontra

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua jokatuko du bihar, maiatzaren 18an, Stadium Galen. Etxean jokatuko duen azkenekoa izanen da eta zaleen babesa beharrezkoa izanen du maila mantentzeko helburua lortzeko aitzinera pausu bat emateko. Fuenlabrada izanen du aurkaria, 19:00etan, eta Fran Justo entrenatzaileak adierazi duenez, taldea prest dago itxura ona eman eta hain beharrezkoa duen garaipena eskuratzeko.

Astea “ongi” joan zela jakinarazi du Fran Justo entrenatzaileak, biharko partiduaren atarikoan. Maila mantentzea du jokoan Real Unionek eta presioaz haratago, sentsazio onak dituztela argitu du: “Futbola da eta garrantzitsua da, jokoan aunitz dugulako. Baina jokoan dugun hori futbol partidu batean borrokatuko dugu eta hori da nahi duguna. Taldea sendo dagoenaren sentsazioa dugu, beti izan baikara sendoak Galen, eta horrela zelairatuko gara bihar”.

Real Unionek Fuenlabrada jasoko du larunbat honetan etxean, txuribeltzak bezala “maila mantentzeko lehian dagoen taldea”. Azken aldian, “oso sendo” dagoela azpimarratu du Justok eta “hiru jardunaldietan ez dutela golik jaso”. Orain dela gutti, “entrenatzailea aldatu dute eta partiduak jokatzeko modu on bat edukitzea lortu dute”.

Honen aitzinean, Real Unionen helburua indarrez zelairatzea izanen da eta, noski, irabaztea: “Lehen minututik garaipenaren bila joanen garela erakutsi nahi dugu. Momentu zailak egonen dira eta ongi antolatuak egon behar gara orduan. Irabaziz gero, gure helburutik hurbilago egonen gara eta beraz, garaipena eskuratu nahi dugu. Zorionez, ez da azken etapa izanen, baina hiru puntuak poltsikoratuta, aitzinera pausu handi bat emanen dugu”.

Zaleen aitzinean jokatuko dute azken neurketa izanen da eta Galen aritzen ere berezia dela aipatu du entrenatzaileak: “Galek bultzatuko gaitu, denboraldi hasieratik egin duen bezala. Azken zortzi jardunaldietan bereziki lagundu gaituzte zaleek”. Maila mantentzeko “golak sartu” behar direla adierazi du Justok eta garaipenarekin “zaleek emandako indarra bueltatu nahi dutela” onartu du. Etxean aritzeak euren alde jokatuko du, dagoeneko erakutsi baitute indartsu direla Galen eta aurkari zailak ere gainditu dituztela bertan.

Emozio aunitzeko jardunaldia izanen da biharkoa, jokoan gauza handiak egonen baitira. Hala ere, prestatzaileak azpimarratu du “eurengan konfiantza” eduki beharko dutela, “ongi bagaude eta gure aldetik dena ematen badugu, futbol ona eginen dugulako”, gaineratuz.