FITXAKETA GUZTIAK AURKEZTUAK
Atzo Ander Ugarterekin eta Victor Rodriguezekin egin bezala, Gurutz Aginagalde lehendakariak Adrian Fernandez eta Dariel Garciari ongi etorri ofiziala eman die.
Dagoeneko C.D. Bidasoak ofizialki aurkeztu ditu udaran zehar eginiko fitxaketa guztiak. Atzoko egunean Ander Ugarterekin eta Victor Rodriguezekin egin bezala, Adrian Fernandez eta Dariel Garciaren txanda izan da. Gurutz Aginagalde lehendakaria ere bertan izan da, ongi etorri ofiziala eman die eta bi jokalariek erasoan zein defentsa lanetan izan dezaketen garrantzia azpimarratu du: “kalitate handikok bi jokalari sinatu ditugu, Asobal Ligan maila ona eman dutena, baina oraindik aurrerapausua eman dezaketenak. Zerbait azpimarratzekotan, erasoan zein defentsan izan dezaketen garrantzia aipatuko nuke. Neurri handikoak dira biak eta defentsako sistema indartzeaz gain, aukera desberdinak eskaini diezaiokete teknikariari”.
Honako hau adierazi du Adrian Fernandez erdilariak aurkezpenean: “urteak daramazkit Asobalen, baina gaztea naiz eta nire bilakaerarekin jarraitzeko Irun leku aproposena da. Iritsi naizenetik oso gustura nago, eta lan asko eginda ziur naiz gauzak ongi aterako direla". Erdilari postua Jon Azkue kapitainarekin batera beteko du eta honen bajarekin, Fernandezen lana oraindik eta garrantzitsuagoa bilakatuko da. Hain zuzen ere, horren inguruan Fernandezek ez du presio gehigarririk nabaritzen: “ez dut presio gehiago nabaritzen horregatik. Jon min hartuta dago, baina berarekin lanean ari naiz sistema ahalik eta azkarren barneratzeko. Lagungarria egiten ari zait bere eta gainontzeko taldekideen laguntza. Presiorik gabe, nire maila onena ematen saiatu behar naiz”.
Dariel Garciak Fernandezek gogo adina du Bidasoan jokatzeko. Haren hitzetan, “Bidasoak deitu ninduenean ez nuen zalantzarik izan”. “Gogo askorekin nago, eta asko ikasteko prest, eta hemen asko irakatsiko didatelakoan nago. Gaztea naiz eta hau hasi besterik ez da egin".