Final zortzirenetako derbia jokatuko dute Donibanek eta Hendaiak

2016/05/09
Final zortzirenetako derbia jokatuko dute Donibanek eta Hendaiak

Aurrera egin du Hendaiak fase finaleko lehen kanporaketan, eta bigarrenean Donibane-Lohizuneko bizilagunen aurka ariko da. Mazamet menderatu dute xuriek final hamaseirenetan. Abantaila hartu zuten Ondarraitzen, joaneko norgehiagokan (25-15), eta hurrengo faserako txartela eskuratu zuten itzulikoan (21-16). Hasiera bikaina eman zion Hendaiak norgehiagokari, bosgarren minutuan Gaillardetek lortutako entseguarekin (0-7). Atsedenaldirako, markagailua irauli zuen Mazametek (13-7). Hamar puntuko diferentzia gainditzeko ahaleginak egin zituen etxeko taldeak bigarren zatian. Hendaiarrek, ordea, sendo eutsi zioten errentari.

Final hamaseirenak gaindituta, derbia izango du Hendaiak final zortzirenetan. Donibane-Lohizuneren kontra ariko da hurrengo bi asteetan. Kanporaketa gainditzen duenak Fédérale 1 mailako plaza irabaziko luke, baina Hendaiak aurreratu du lortuta ere, ez duela onartuko. “Bestarako bi igande” izango direla adierazi du Jean Marc Zubizarreta Hendaiako kapitainak.